Anbulatorioan ere euskaraz, noski!

Mikel Arregi (Uztarriako kidea) 2006ko eka. 23a, 12:06

Zerk bultzatu du Udaleko EAJ EHEren manifestazioaren aurka ateratzera?

EHEk lan txukuna egin du anbulatorioa euskalduntzearen alde

Ezin nuen ulertu Azpeitiko Udaleko EAJk anbulatorioaren gaiarekin egindakoa. Alkatea bera EHEren manifestazioaren aurka atera ez da ba prentsaurrekoan! Ba horixe, ez nuela ulertzen. Izan ere, argudioak behin eta berriz irakurri, eta EAJren ikuspegitik ere ez nuen ikusten EHEren aurka egiteko arrazoirik. Eta pentsatzen jarrita, agian mobilizazioen beldur zirela pentsatzeari ekin nion. Agian partehartzea ez zutela gustuko. Agian aldarrikapenen aurrean kikildu egiten zirela.

Izan ere, zer du ba kritikagarri EHEren aldarrikapenak? Eta lan egiteko moduak? Anbulatorioan ere euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko deitu du manifestatzera talde euskaltzaleak, eta iruditzen zait anbulatorioa euskalduntzearen alde ia guztiok gaudela. Eta aparta iruditu zait EHEk gai hau lantzerakoan izan duen jokamoldea: aldarrikapenetan zuzena eta argia, baina herriarekin kontatuz, herriarekin hitz eginez, eta batik bat, anbulatorioko jendea errespetatuz; guztiz demokratikoa beraz.

Eta EAJren jarrera erasokor hori ulertzen saiatu nahi dut. Eta defentsarik onena erasoa dela eta, agian euren burua defendatzeko asmotan ari direla pentsatu dut. Izan ere, eurak izan dira urtetan anbulatorioak (ere) euskalduntzeko “ardura” izan dutenak, Eusko Jaurlaritza euren esku egon delako. Eta prentsaurrean eman dituzten datuen arabera, euren lana ez dute ongi egin, ezta urrik eman ere! Anbulatorioko langileen erdiak ere ez daki euskaraz eta! Hainbeste urtetan ez dira gai izan euskararen aldeko lan txukun bat egiteko. Datuek hori diote anbulatorioan, hezkuntzan, enpresa munduan, komunikabideetan...

Eta horregatik mobilizatzen da jendea! Horregatik euskalgintzaren beharra, horregatik herri mugimenduen premia. Horregatik sortu zen EHE, horregatik Kontseilua. Instituzioek egingo dutenaren zain bagaude, euskarak jai duelako. Horregatik sortu ziren herriaren ekimenetik Egunkaria, Berria, Uztarria, Hitza...

Baina iruditzen zait EAJri ez zaiola gustatzen herri ekimena. Guztia instituzioetatik egin daitekeela sinisten dutela eta horri heldu nahi diotela kosta hala kosta. Eta hori iruditzen zaidalako, idatzi hau bukatzerako ulertu dut zergatik alkatea bera atera den EHEren aurka prentsaurrean. Baina noski, ez dut gustuko jarrera hori, eta anbulatorioan ere euskara osasuntsu egon dadin jendea mobilizatzea ezinbestekoa dela uste dudalako, gaur (ostirala) Azpeitiko plazan izango naiz.