Batzokiari eta Manoli Urangaren etxeari pintura bota diete

Azpeitiko Batzokia, pintura gorriz eta horiz.

Goizaldean izan dira gertaerak; margo horiz eta gorriz betetako bonbillak bota dituzte

Uranga PSE-EEko kidea etxean zegoen une hartan; "ez da ezer esateko ordua, egiten hastekoa baizik", haren ustez

Gaur (zapatua) goizeko ordubatak aldera, ezezagun batzuek margo gorriz eta horiz betetako bonbillak jaurti dituzte Azpeitian Batzokira eta Manoli Uranga PSE-EEko zinegotziaren etxera.

Urangak 'Urola Kostako Hitza'-ri adierazi dionez, bera etxean zegoen margoak bota zituztenean. "Etxeko balkoira pinturak botatzeaz gainera, pintadak ere egin dituzte etxearen atarian. Gertakari hauen aurrean ez daukat ezer esateko, ez baita ezer esateko ordua. Bakoitzak badaki zer egin behar duen eta zein pauso eman behar dituen. Ez da hitz egiteko ordua, egiten hastekoa baizik".

Ez da lehen aldia PSE-EEko kidearen etxearen aurka eraso egin dutela; Enparan kalean bizi da, aurreneko solairuan. Iaz, uztailaren 24an goizeko ordubatak aldera molotov koktel bat bota zuten zinegotziaren etxera. 2003ko abenduaren 6an ere eraso egin zioten, baita 2001ean ere.

Julian Eizmendi alkateak (EAJ), berriz, esan du gertaerak direla-eta EAJ bildu egin dela baina oraindik ez dutela ezer esango.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide