Kantu bira

Maite Garmendia 2006ko api. 7a, 02:04

Donostian, Kantu Bira ekimenean bizitakoak kontatu eta herrian era horretako ekintzak antolatzea proposatzen du Garmendiak

"Zer da hori?" galdetu genion Donostiara joateko gonbitea pasatu zigutenean. Kantu asuntuak tentatzen gintuen, beti izan gara eta kantuzale, eta baiezkoa eman genion.

Hamabietan (eguerdikoan) zen hitzordua Bilintx liburutegiaren aurrean. Hara iritsi ginenerako jende multzo handia zen juntadizoan. Hurbildu ginenerako, esku bat luzatu eta paper batzuk eskuratu zizkiguten (konturatu ziren nonbait nobatoak ginela). Berrogeita hemeretzi kantu zeuden esku horri haietan. Berrogeita hemeretzigarrena berria zela jakin genuen, gerora.

Neska bat eta mutil bat zeuden taldearen erdian, egin beharrekoari bide ematen: mutilak beso eskubia gora altxatu eta behatzak erabiliz, kantatu beharreko abestiaren zenbakia adierazten zigun eta neskak berriz kantuan hasteko tonua. Pare bat kantu eta paseotxoa. Aurrez erabakita izango dituzte nonbait pauso-uneak. Alderdi zaharrean mugitu ginen; pare bat ordu eta erdi egin genituen.

Pare bat lekutan (handienetan), mutilak bi besoak altxatuz adierazi zigun dantzarako txanda zela hura. Borobilean jarri eta "altza porru", hanka joku ederra ateratzen zuten animatzen zirenak. Hilaren hirugarren larunbatetan elkartzen dira Donostian, eguerdiko hamabietan, eta eguna eta umorearen arabera, asko luzatu daiteke kantu jarduera.

Helburua ez du abesbatza sortzea, helburua ez omen da dantzari bikain egitea (hala esan zigun ekimenaren sortzailetako batek). Helburua, elkartu eta kantu mordo bat abestu eta dantza pixkat egitea da. Hori eginez, ondo pasatzea; galtzen ari den kantatzeko ohitura berreskuratzea. Guk behintzat primeran pasatu genuen. Giro ederrean. Motz egin zitzaizkigun han igarotako orduak.

Azpeitian zergaitik ez? Ekimenak aurrera egingo balu, lehen egunean, Donostiako talde bat etorriko omen litzateke taldeari adore pixkat ematera. Zergaitik ez, eh? Animo!