Hiru eskualde batuko ditu 'Ignaziotar Lurraldea' ekimenak

Fernandez, Arbulu, Irastorza, Garmendia, Aranbarri eta Eizmendi, aurkezpenean.

Urola Erdia, Urola Garaia eta Debagoiena eskualdeetako turismoa sustatzeko ekimenaren fase berria aurkeztu dute

Lurraldea ezagutzeko harrera, informazio eta interpretazio guneak prestatuko dituzte etorkizunean (Urola Kostako Hitza)

XVI. mendeko Gipuzkoan barrena bidaia egiteko gonbidapena da Ignaziotar Lurraldea ekimena. Urola Erdia, Urola Garaia eta Debagoiena eskualdeak batu ditu turismo sustapen eta dinamizaziorako proiektuak. 1997an abiatu zen Hiru Tenpluen Ibilbidea ekimenaren garapenaren fase berria da.

"Inbertsioak gehituz eta berrikuntza bilatuz, bezeroa fidelizatzeko gaitasuna izan behar dugu", adierazi zuen Anjel Irastorza Foru Aldundiko Informazio Gizarteko Zuzendari nagusiak ostiralean (hilak 24) Donostian egin zuten aurkezpenean. Hiru eskualdeak proiektu komun batean elkartzearen garrantzia nabarmendu zuten Azkoitia, Azpeitia, Zumarraga eta OƱatiko udal ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailburuorde Koro Garmendiak.

Lurraldea ezagutzeko elementuak eskainiko dituzten harrera, informazio eta interpretazio guneak prestatuko dituzte etorkizunean. Arantzazun iazko irailean zabaldu zuten bisitariak hartzeko gunea, eta interpretazio gunea aurrerago zabaltzekoak dira. Antioko ermita ondoko sailetan eraikiko duten bisitarien gunea erredakzio prozesuan dago oraindik. Loiolako Santutegian, berriz, uztailerako aurreikusten dute bisitariak hartzeko gunea zabaltzea.

Julian Eizmendi: "Elkarlana da ekimenaren gakoa"

"Urteak daramatzagu elkarrekin lanean, sinergiak aprobetxatu asmoz, San Inazio lokarri dugula; eta elkarlana pixkanaka fruituak ematen ari da".

Loiolako gunea

Aurten Loiolako San Inazioren heriotzaren 450. urteurrena ospatzen dela aprobetxatuz, Ignaziotar Lurraldea ekimenaren ardatz garrantzitsuena izango da santuaren jaioterria.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako Departamenduak harrera eta informazio gunea jarriko du Loiolako Santutegiko sotoan, uda aurretik. Proiektuaren aurrekontua 167.559 eurokoa da.

Hiru hilabetez luzatuko diren lan hauen helburua kalearen mailan dagoen eremua handitzea da, komunak, bisitarientzat informazio bulegoa eta denda jartzeko. Santutegiko goiko solairuetaraino zuzenean iristeko lanak egingo dituzte, besteak beste, ibiltzeko zailtasunak dituztenei sarbidea errazteko asmoz.

Koldo Azkoitia foru bozeramaileak adierazi duenez, "San Inazio oroitzeko Santutegian antolatuko diren ekitaldietarako beharrezkoa da aurretik monumentu multzo osoa eraberritzea, Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko multzo arkitektoniko barroko aipagarrienaren ingurua ere hobetuz".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide