Kafe bat antzokian?

Aitzol Iparragirre (Habeako hautetsia) 2006ko ots. 8a, 14:02

"Herriko kultur talde eta eragileak lanerako bildu beharko lituzkeen teilatuaz" bere iritzia agertu du Habeako hautetsiak

"Hartuko al dugu kafe bat?". Horrelako gonbidapen batez hasten dira lagun arteko hainbat eta hainbat berriketaldi. Ez gara hasiko orain nola edo non amaitzen diren aztertzen, ordea. Horretarako elkarturikoen artean dagoen konplizitate, asmo eta antzekoek eragin nabaria baitute.

Antzeko gonbidapen batekin hasiko ziren aspaldi batean Azpeitiko kultur taldeak ere, zituzten behar, hutsune, aurrera egiteko gogo eta ilusioak konpartitzen. Kultur etxea, diru laguntzak, Gaztetxea, koordinazioa,... berriz, beraien artean behin eta berriz erabiliko zituzten hitzak izango ziren.

Euri asko erori da bai. Hala ere, oraindik euritik babestuko dituen teilatuak osatu gabe jarraitzen du. Egia da urratsak eman eman direla. Hor dugu Gaztetxea. Baina inork galdetu ahal du, teilatu baten beharra erakustarazteko hainbeste euri, txingor eta ekaitz jasateko beharrik ba ote dagoen? Kostatutakoak kostata, gazteak teilatupean daude.

Egia da Udalak kultur etxe, kultur zentro edo dena delakoa eraikitzeko ere hainbat miloiko diru partida bat onartu duela. Badirudi, hainbat saiakera ustelen ondoren, azkenean, herriko kultur taldeentzako teilatua osatzeko bidean garela, beraz. Badira bi urte, asmo horren aurkezpena egin zenetik. Ezin esan, ordea, bi urte hauetan harturiko kafeek lo handirik kendu digutenik. Tristea da, herriko kultur talde eta eragileak lanerako bildu beharko lituzkeen teilatua eraiki behar denean hain berriketaldi gutxi egin izana. Hain gutxi non zenbat gastatuko den jakin arren, zer egingo den oraindik inork ez dakien. Hain gutxi non Uztarria Kultur Koordinakundean bilduta dauden kultur taldeek eta eragileek Kafe Antzoki bat eraikitzeko egin zuten proposamena, oraindik, erantzun gabe aurkitzen den. Ahalik eta epe motzenean argitu beharko da zer egin nahi den eta nola egin nahi den. Eta horretarako ez dago inor soberan, denon ahalegina izango da premiazkoa.

Baina teilatuak ez dira berez sostengatzen. Hemendik lau, bost edo sei urtera izango den teilatuak euskarri sendoak izan beharko ditu. Eta euskarri hauek gaurtik eraiki ezean ezer gutxi babestuko du etorkizuneko teilatu horrek. Egia da bitartean euripean lan egin beharko dela. Bainan euripean lan egin arren, lan hori goxatu eta babesteko moduak aurkitu beharko ditugu. Bakoitzak bere arduratik.

Badago zer eginik beraz. Euripean bada ere, hartuko al dugu kafe bat? Gero gerokoak.