Azken unean garaipenak ihes egin zion Jostaldiri

Jose Miguel Benitez 2006ko ots. 6a, 13:02

Areto futboleko Bigarren Mailako Jostaldi Kirolak talde seniorrak launa berdindu zuen Zaldibiren aurka

Jostaldi Bko gazteak, berriz, erraz gailendu ziren (6-1) eta play-off-eko postuetan jarraitzen dute

Areto futboleko Bigarren Mailako Jostaldi Kirolak talde seniorrak huts egin zuen berriro ere azken segunduetan, eta puntu bat baino ezin izan zuen lortu larunbatean (hilak 4) Zaldibiren aurka jokatutako partidan.

Norgehiagoka orekatua izan zen hasieratik amaiera arte. Izan ere, talde biek puntu premia baitzuten; Zaldibik sailkapeneko bigarren postuari eusteko eta Jostaldik urteko lehenengo garaipena lortzeko. IƱaki Unanuek zuzendutako taldeak atzealdean gogor eutsiz nahiko partida serioa egin zuen defentsan. Dena den, lehendabizi aurreratu zirenak kanpotarrak izan ziren, atsedenaldia baino minutu batzuk lehenago (0-1). Egoera honen aurrean, Jostaldik aurrera jo eta norgehiagoka berdintzea lortu zuen. Hala ere, zaldibiarrak berriro ere aurretik jarri ziren bigarren zati erdialderako (1-2). Talde azpeitiarra, ez zen kokildu, teorian bera baino talde indartsuagoa zenaren aurrean, eta lehiari buelta eman zion minutu gutxi batzutan filialeko Joxe Mari gazte azkoitiarrari esker (3-2). Kantxa erdian galdutako beste baloi batek, ordea, berdinketa igoarazi zuen markagailura partida amaitzeko 10 minutu baino gutxiago falta zirenean. Honen ostean, eta partida hiruna bukatuko zela zirudienean, arbitroak Jostaldiren aldeko penaltia adierazi zuen azken minutuan. Azpeitiarrek 4 eta 3koa igoarazi zuten eta garaipenak oraingoan ihes egingo ez zuela zirudien. Baina usteak ustel suertatu ziren beste behin ere eta partiduko azken jokaldian, kontraeraso batean, Jostaldik laugarren gola jaso zuen.

Bestalde, Hirugarren B Mailako, Jostaldi B-k, garaipen berri bat eskuratu zuen, oraingo honetan Donostiako Power Rangers taldearen aurka. Ramiro Sanz-enak aurretik joan ziren markagailuan une oro (atsedenaldira 2 eta 1 alde) eta ez zuten arazo handirik izan partida aurrera ateratzeko (amaieran 6-1). 3 puntu berri hauei esker, azpeitiar gazteak hirugarrenak dira sailkapenean eta play-off-eko postuetan jarraitzen dute.