T5ek egin duena legezkoa al da?

Eneko Etxeberria (abokatua), Enekoitz Esnaola (kazetaria) 2006ko ots. 6a, 14:02

Espainiako T5 telebista katean, asteazkenean, 'Diario de... Mi vecino, el terrorista que mató a mi marido' erreportaia eman zuten, Kandido Azpiazu eta Iñaki Zuazolazigorraga azkoitiar preso politiko ohien eta Maria Pilar Elias Azkoitiko PPko zinegotziaren istorioaz.

Gaia bera oso delikatua da, atentatua eta hildako bat, kartzelatzeak, jazarpen mediatikoa... daudelako. Erreportaiak erreakzio ugari sortu du (manipulazio informatiboa egon dela, oso gogorra dela preso ohiek esan dutena, zitalkeria dagoela Eliasen jokabidean...). Galdera honek ere irten du kalean: legezkoa al da Azpiazuren eta Zuazolazigorragaren adierazpenak eta irudiak beraien baimenik gabe ezkutuko kamera bidez jasotzea eta publiko egitea?

Kazetaritza aldetik (lan horretan manipulazio nabarmena egoteaz gain), ez da etikoa. Kazetaritzan informazioa lortzen da off the record ere, itzalitako mikrotik aparte, baina gero iturriok aipatu gabe. Ez da Azkoitian gertatu den kasua eta, esan bezala: legezkoa al da T5ek egin duena?

Espainiako Konstituzioaren 18.1 artikuluak norberaren eta familiaren intimitate, ohore eta irudi eskubidea “bermatzen” du. Informazio mota bat baimenik gabe lortu eta zabaldu bada eta, ondorioz, eskubide hori urratua izan dela uste duenak, bi bide erabil ditzake: bide zibila —Lege Organikoa 1/1982, maiatzak 5— eta penala —Lege Organikoa 10/1995—.

Kazetaritzan bertan ez da hausnarketa eta eztabaida sakonik egin gaiaren inguruan (ezkutuko kameren erabilpenari buruz, adibidez). Espainiako Justizian ere ez. Auzitegiek onartzen dute “ikerketa kazetaritza delakoan ezkutuko kameraren erabilpena arautua ez” dagoela “gure ordenamendu juridikoan”, erabilpen horrek “talka” egiten duela “norberaren irudi eskubidearekin”, “polemikoa” dela hori, baina Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak, adibidez, oraindik ez dute ezkutuko kameraren bidez informazioa lortzeko “zilegitasunaz eta bere mugez” sententziarik eman.

Bi ikuspuntu daude. Batetik, Lege Organikoa 1/1982aren arabera, era horretako lanetan eskubide urraketak daudela uste dutenak daude, “norberaren irudi eskubidearen urraketa” dagoelako.

Besteen ustez, aldiz, grabaketa horiek “urraketarik ez” dute eragiten, ondorengo arrazoiengatik:

—”Egia”-k eta informazioa “interes orokorrekoa” izateak ez dute urratzen irudi eskubidea. Adibidez, Auzitegi Konstituzionalak epairik eman izan duenean —ezkutuko kamerei buruzko kasuetan ez—, esan du “informazio askatasunak norbaiten intimitatean eragina daukanean, hori zilegi izan dadin, informazioak interes orokorrekoa” izan behar duela, eta hala iritzi izan dionean, ez du zigorrik ezarri.

—Erreportaia telebistakoa da eta irudia “ezinbestekoa” da informaziorako.

—Erreportai “neutrala” egiten da, eta “iturria zein den erakustea ezinbestekoa” da.

—Elkarrizketatua “proiekzio publikokoa” eta “ezaguna” da, eta Lege Organikoa 1/1982aren 8.2 artikuluak, haren irudia erabili ahal izateko salbuespena ezartzen du kasu horretan.

—Irudiak “leku publikoan” lortu dira, “ez pribatuan”. Hau da: “Jendearentzat leku irekian, barrura sartzeko modukoan, edozein sartzeko modukoan”.

Eskubideen “talka”

Auzitegi Konstituzionalak horren aurrean dio, irudi eskubidea, beste edozein eskubide bezala, ez dela “eskubide absolutua, eta, beraz, beste eskubide konstituzionalek mugatzen dute” (horien artean, informazio askatasunak). Irudi eskubideak beste eskubideekin “talka” egiten duenean, Auzitegiak dio kasua aztertu egin behar dela eta erabaki zeinek “merezi” duen “babes handiagoa”; hau da, norberaren irudi eskubideak edo interes publikoak.

Baimenik gabe bere irudia erabiltzeagatik auzi-jartzailearen salaketa egon izan denean, auzitegi batzuek egin izan dute salaketa jarri duenaren alde; batik bat, arrazoi hauengatik, labur esanda:

—Salaketa jarri duenak eman duen informazioa ez da interes orokorrekoa. Informazio hori gabe ere osa zitekeen kazetaritza lana.

—Haren irudia hartzea eta erakustea ez da ezinbestekoa informaziorako.

—Irudiak elkarrizketatuaren baimenik gabe hartu eta erabili dira, eta pertsona hori ez da ezaguna publikoki.

—Kazetaria ez da aurkeztu harengana kazetari bezala.

—Leku pribatuan hartu dira irudiak (etxean, elkarte baten egoitzan...).

Azkoitikoaren ezaugarriak

Eta Azkoitiko kasua, nolakoa da? Asteazkenean bota zuten erreportaia objetiboki aztertuta, T5ek ezkutuko kamera bidez Kandido Azpiazuren adierazpenak eta irudiak hartu eta argitaratu zituen, haren baimenik gabe (gauza bera Iñaki Zuazolazigorragaren kasuan); T5ekoa Azpiazuri kazetari bezala aurkeztu zitzaion, argitaratu den erreportaian entzuten denez; Azpiazuren dendan hartu ziren irudiok (Zuazolazigorragaren kasuan, jatetxean); Azpiazuren emaztearen adierazpenak eta irudiak ere jaso zituen T5ek dendan, eta emaztearen aurpegia estali egin zuen emisioan.

Azpiazuk Urola Kostako Hitza egunkarian (2006-02-03) esan du “begiratu” egin behar duela T5ek egin duenaren aurrean neurri legalak hartu edo ez, “posible delako egin dutena legezkoa ez izatea”. Hark T5en kontra parte sartuko balu, epaileak erabaki beharko luke Azpiazu publikoki ezaguna den, haren denda leku pribatua edo publikoa den, Azpiazuk dioena interes orokorrekoa den... Hau da, epaileak erabaki beharko luke zeinek “merezi” duen “babes handiagoa”: pertsonak ala informazio mota horrek. Hori dena, epaileak.

Gizarteak, berriz, T5ena etikoa den, eta gaurko egoera politikoari ekarpen onik egiten dion. Komunikabideez eta horien kontsumoaz hausnartzea ere txarra ez.