Jose Mari Zubizarreta: "Aitonenako zuzendaritza berritzeko jende bila ibiltzen gara beti"

Jose Mari Zubizarreta Aitonenako lehendakaria.

Jose Mari Zubizarreta Aitonenako lehendakaria da; orain batzordea berritu behar dute, eta kargua utziko du (Urola Kostako Hitza)

Aitonena Jubilatuen Elkarteko zuzendaritza batzorde berria hautatu behar dute aurten. Bi urtean behin aldatzen dituzte batzordekideak. Jubilatuek, hilaren bukaeran edo otsailaren hasieran egingo dute batzordekide berriak aukeratzeko batzarra. Baina horrelakoetan ohi bezala "batzordekide berriak ezin bilatuta" dabiltza. Gaur egun Jose Mari Zubizarreta da Aitonena Jubilatuen Elkarteko lehendakaria. Harekin bildu da Hitza.

Zenbat urte daramatzazu Aitonenako zuzendaritza batzordean?

Zortzi urte egin ditut, baina txandan, bi urte egon eta gero irtenez, Elkarteko estatutuak hala agintzen baitu. Baina orain aldaketa batzuk egin beharra dauzkagu, jendea bilatzeko arazoak daudelako beti. Lehen batzordekide diren bik jarraitu egingo dute orain, eta lehen egondako bat berriro batzordera sartuko da. Ezin bilatu jenderik, ezin... Lehen zuzendaritza batzordea zazpi lagunek osatzen genuen, eta gaur egun bost gaude, jenderik ezin dugulako topatu. Aurten ere bost edo sei lagunekin osatuko dugu batzordea. Beste herri batzuetako jubilatuen elkarteetan batzordeak hamar eta hamabi urtetan aldatu gabe daude, inor ez dutelako aurkitzen. Gu Urola bailarako jubilatuen elkartean gaude eta orain arte estatutuak guk bakarrik errespetatu izan ditugu, besteek jenderik ezin bilatu eta ez dituzte estatutuak errespetatu.

Jendeak zergatik ez du batzordekide izan nahi?

Ez dakit zer gertatzen den, batzuk haurrak zaintzen dituztela, besteek egunero egiten dituzten paseoak ez dituzte utzi nahi... Ez da derrigor egunero etorri beharrik bulegora, baina behin martxa hartzen duzunean ia egunero etorri nahi izaten da. Ni neu goizero etortzen naiz 10:30etik 12:30era eta arratsaldean Aitonenako tabernan joko pixkat egiten dugu lagunartean eta gero beste ordubete bat egoten naiz bulegoan. Beti egoten baita zerbait egiteko.

Zerk ematen du lan gehien?

Orain ez dago horrelako lan handirik. Urtearen hasieran, batik bat, bazkidetza kuota kobratzen dugu; otsailean hasiko gara kobratzen. Eta gero udaberria gerturatu ahala ibilaldiak eta irteerak antolatzen izaten da lan gehien; urtero sei edo zazpi irteera egiten ditugu. Karta joko txapelketak ere egiten ditugu.

Antolatzen dituzuen irteeretan eta txapelketetetan jendeak parte hartuko du, ezta?

Bai, antolatzen ditugun irteera eta txapelketetara jende asko etortzen da. Proposamenak ere egiten dizkigute, irteerak nola antolatu-eta, baina gero batzordean lan egiteko ez daude prest.

Otsailean bazkidetza kobratzen hasiko zarete. Zenbat bazkide ditu Aitonenak?

Denera 1.500 eta 1.600 bazkide artean ditu Aitonenak, horietatik 80 urtetik gorakoak 300 baino gehiago dira. Otsailaren hasieran hasiko gara 2006ko bazkidetza kobratzen. Aurten bazkidetza igo egingo da, lau eurotik bost eurora igoko da. 81 urtetik gorakoei ez diegu kuotarik kobratzen, haientzat doan da bazkidetza. Aitonenako bazkide egiteko jubilatua izan behar da. Bazkidetza txartelarekin, irteera, txapelketa eta gainerakoetan parte hartzeko aukera dute; Aitonenako tabernetan kontsumizioa merkeagoa da eta museoen, erakusketen... sarrera merkeago izateko aukera ematen du. Aurten, gainera, bazkidetza txartel berriak atera ditugu.

Aurtengo ekitaldiak nork antolatuko ditu?

Zuzendaritza batzorde berriak antolatuko ditu aurtengo ekitaldiak. Martxoan karta joko txapelketa izaten dugu, eta maiatzetik aurrera irteerak egingo ditugu: uztailean, sanferminetara eta Xoxotera joaten gara. Lehen hiru eta lau autobus joaten ziren, eta orain bi autobus joaten gara.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide