Gora sansebastianak!

Joxin Iturrioz 2006ko urt. 24a, 12:01

Urola Kostako Hitza egunkarian argitaratutako iritzia

Bukatu dira sansebastianak. Karnabalekin batera herriko festa ederrenak direnaren ustekoak ugari garelakoan nago. Aurtengoan Donostiakoei ere begira aritu gara. Lehenengo aldiz emakumeak danbor jotzaile izan dira Konstituzio enparantzan, ikurrinaren igoeran eta jaitsieran. Pauso txiki bat aurrera, oraindik gehiago falta badira ere. Gure artean Gure Ametsak eta Txalintxok ere lehenengo aldiz izan dituzte sexu bietako danbor jotzaileak. Zorionak Gaztelubidekoei, Union Artesanakoei, donostiarrei, Gure Ametsakoei, Txalintxokoei, azpeitiarroi eta, bereziki, emakumeoi. Ez dugu berdinak izan nahi, baina aukera berdinak nahi ditugu guztiontzat. Oraindik gelditzen da tra(d)izioa mantentzen duenik. Espabilatuko dira!

Donostiakoak aipatuta, ikasleak maisua gainditu duela defenditu izan dut donostiarren aurka. Azpeitikoak hobeak direla, ze arraio! Azpeitian denok batera atera ohi gara, denok batera jo (gainera Sarriegirenak bakarrik ez, baita Xuberrenak ere), denok batera parranda egin, denok batera inbidia pasatu txikiak guk baino hobeto nola jotzen duten ikusiz, denok batera sokamuturrera (beno, ia denok!) zezenaren usaina laztantzera... Festa denok batera, erritmo berean, ajea ere antzekoa izaten dugula esango nuke, solidarioak bagina bezala. Alderantziz gertatzen da Donostian, talde bakoitza bere aldetik, ordutegi ezberdinetan, auzoetan banatuta... Azpeitiko giroaren antzekorik ez dago, bakarra munduan...

Aurten berrikuntzak ere izan ditugu. Sokamuturra garaian bi talde atera dira kaleak alaitzera. Izan du, bai, bere xarma. Zezena aurrean, eta musika atzean, altabozik gabe eta ia-ia karnabalen pare.

Orokorrean bost aldiz entzun ahal izan ditugu atabalen hotsak. Bezperan, nagusien danborrada nagusia. Bat. Egunean, goizean, mezatan eta agintarien joan-etorrian. Bi. Eguerdian, danborrada txikia. Hiru. Arratsaldez, sokamuturrarekin. Lau. Gauez, banderaren jaitsiera. Eta bost.

Zortzi taldek bi aldiz jo dute. Errepikatu egin dute, dugu, alegia. Bezperan eta egunean, bi aldiz. Gehiegi ote da? Ez dakit, baina gure taldekook egunean bezperan baino gehiago gozatu genuelakoan nago. Damurik ez, beraz.

Baina beste batzuk, ez bezperan, ez egunean. Ez omen dago lekurik. Orain urte gutxiko eztabaida berritu dugu. Baita erantzuna eman ere: lekurik ez, agian, bezperan, baina aukerak bai, egunean!

Zergatik ezin da talde berriak ateratzeko probetxatu hori guztia? Festa guztiona da, eta ahal den neurrian denei eskaini behar zaie festaren atal guztietan parte hartzeko aukera. Emakume zein gazte, etorkin zein parrandazale, langabetu zein familia ugariko guraso... Taldea osatuko balute, zergatik ez Gaztetxekoei sokamuturrean edo jaitsieran aukera eman? Edo elkarte berri batekoei. Edo bertso-eskolakoei. Edo...

Hala egitekotan, lehenbailehen erabaki beharko litzateke. Beraz, hona proposamena: Aukera luzatzea, dagozkien baldintzak betez, osatzen diren taldeei datorren urteko San Sebastian eguneko sokamuturra garaian edo bandera jaitsieran parte hartzeko, epeak jarriz hori guztia gauzatu dadin.

Proposamena Udal Festa Batzordeak gutxienez kontuan hartzea espero dut. Jende gehiagok parte hartu ahal izango du. Jai parte-hartzaileagoak, demokratikoagoak, izango lirateke. Donostiarrei kontra egiteko arrazoi gutxiago izango ditut, baina festa-rako konplizitate handiagoa, solidarioagoa. Zer da, bada, Azpeitia, Gipuzkoako beste hiri txiki bat baino? Txikia, baina hiria. Gora sansebastianak!