Emakumeak danborradara

Maite Segurola (Azpeitiko Emakume taldearen izenean) 2006ko urt. 19a, 15:01

"Azpeitiko emakumeen ardura tradizioa aire berriz janztea ere" badela dio, besteak beste, Azpeitiko Emakumeen taldeko kideak

2006a emakumeen urtea ote? Azken asteetan entzun dugunaren arabera, azkenik emakumeak ikusiko ditugu Donostiako oholtza gainean. Nahiz eta aurrerapauso hau pozgarria izan benetan, tristea egiten zaigu XXI. mendean horrelako titular batekin poztea. Zentzuzkoa behar luke jendartearen %50a izanda, festetan ere gure presentzia tamainakoa izatea, batez ere danborrada bezalako jai herrikoi batean.

Baina Donostia urrun xamar gelditzen zaigu kasu honetan. Urteak dira gure herrian antzeko eskaerak egiten ditugula baina, antza, aldaketa deserosoa da elkarte eta Udaleko ordezkarientzat. Bazirudien legealdi eta alkate berriarekin mendebala garapen haize bihurtua zela, aldiz, trukean, hego haizea dugu gurean. Izan ere, 2005eko otsailean EAEko Berdintasun Legea indarrean sartu zenetik, herriko eragile feministak bakarrik gogoratzen gara berarekin.

Nor izango da Azpeitian horrelakorik egitea ezinezkoa dela esango digun lehenengo iluminatua? Gaztelubide eta Union Artesana bezalako elkarte tradizioz jantzietan, behartuta bada ere, aldaketa posible izan da, zergatik ez Azpeitikoetan?

Bestalde, Azpeitiko emakumeon ardura ere bada tradizioa aire berriz janztea. Bada ordua gure gogo eta gorputzak kantinera eta abanderaden postuetan soilik kokatzeari utzi eta askoz gehiago garela onartzeko, gogoak ematen digun espazio guztietara hel gaitezkelako. Ea 2007a Azpeitiko emakumeon urtea den!