Jaietan ere adierazpen askatasuna

Garikoitz Armendariz (Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren izenean) 2006ko urt. 18a, 17:01

Iazko sansebastianetan pankarta batzuk zirela-eta ertzainekin gertatu ziren istiluen harira, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak "adierazpen askatasuna herritarren eskubidea" dela aldarrikatzen du, besteak beste

Dagoeneko gainean ditugu sansebastianak. Herriko kaleetan ehunka danbor-jotzaile ibiliko dira kaleak alaitzen. Herriko jaiak dira, herria kalera irteten den jaia, herritar askok parte hartu ohi duen jaia da.

Aldiz, Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren ondorioz, espetxeratuak dauden herriko euskal preso politikoek eta iheslariek ezin izango dute gure artean egon, baina ziur egon beraien presentzia bermatuko dugula. Aupa zuek!

Horretaz gainera, gatazkak badu eraginik gure herrian, eta badu islarik ere. Behin eta berriz, eguneroko eskubide zibil eta politikoak zapalduta eta ukatuta dauzkagu: aparheid politikoa, kartzela eskariak, atxiloketak, herritarrek jasan behar izan dituzten torturak, gazteen kriminalizazioa, euskararen ofizialtasun eza, euskal nortasuna ukatuta...

Errealitate honi aurre egin behar izan dio ezker abertzaleak. Udalean boterean dauden alderdiek, aldiz, posible diren arazoak gainditu beharrean, sarri, errepresioa erabiltzen dute.

Horrelaxe gertatu zen orain dela urtebeteko sansebastianetan. Urtero bezala, hainbat herri mugimenduk eta egitura politikok, Euskal Herrian bizi dugun arazo zibil eta politikoaren inguruan beren pentsamendu eta ideiak azalduz hiru pankarta bota zituzten berdura plazako balkoitik. Berehala ordea, kalez jantzitako ertzainek, beraien labanak eskuetan hartu eta aurpegia estali ondoren hiru pankartak moztu eta handik erretiratzeari ekin zioten, han zeuden guraso, heldu eta umeen artean izua zabalduz.

Nork bidali zituen haiek? Udalak honen guztiaren aurrean egoera gelditu beharra dauka. Ertzaintzak herrira izua eta jendea mehatxatzera etortzeari utzi behar dio eta behin behingoz herritarren eskubideak bermatu, errepresioa ez delako bidea gatazka politikoa gainditzeko bidean. Adierazpen askatasuna herritarren eskubidea delako, egin dezagun jaietan gure aldarria. Aurten horrelakorik gertatuko ez delakoan, Udalari bere esku dagoena egiteko eskatzen diogu, bide poliziala baztertu eta iritzi politikoak bermatuz. Besterik gabe, ongi igaro herriko jaiak!