Udalak ez du hilaren 22an sokamuturrik antolatuko

Sokamutilek zezena antolatzeko eskatu diote

Udalak dio larunbatean ez dela ezer egongo eta ez dela egokia igandean (22an) zezena jartzea

Hilaren 22an ez da sokamuturrik izango Azpeitian, hori erabaki duelako Udaleko Festa Batzordeak. San Sebastian eguna ostirala tokatuko da aurten eta, herrian dagoen "zaletasunagatik" eta "festari segida" eman asmoz, sokamutilek Udalari igandean (hilaren 22an) sokamuturra jartzeko eskatu diote. Mikel Ibarzabal Udaleko Festa batzordeburuak, baina, garbi esan du ez dutela antolatuko.

"Hilaren 22an sokamuturra jartzea edo ez eztabaidatu dugu Udaleko Festa batzordean eta ez antolatzea erabaki dugu. San Sebastian eguna aurten ostirala da, larunbatean ez da ezer antolatuko eta, beraz, igandean sokamuturra antolatzea ez zaigu egokia iruditzen. Larunbatean sokamuturra jarriz gero, dendariekin arazoak izan ohi ditugu. Bestetik, inauterietan sokamuturra ordu askoan ibiltzen delako kexa ugari jaso ohi dugu udaletxean eta, horrregatik, beste jende batekin ere pentsatu beharra dagoela uste dugu", esan du Ibarzabal Udaleko Festa batzordeburuak.

Sokamuturraren kostuaz sokamutilek zenbait kontutan arrazoia daukatela dio Ibarzabalek, baina dena ez dela zezenaren kostua. "Sokamuturra ez dela garestia diote, eta horretan arrazoia ematen diet. Baina ez da zezenen kostua soilik hartu behar kontuan, seguroa eta beste hainbat gastu ere izaten dituelako sokamuturrak".

Beraz, sansebastianetan sokamuturra hilaren 20an, San Sebastian egunez baino ez da egongo; 12:00-12:30ak eta 16:30-20:00ak bitartean.

Sokamutilen eskaerak interes handia sortu du www.uztarria.com-en, egun eta erdian 50 erantzun izan direlako.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide