Asmatu beharko zuketen

Miel A. Elustondo 2005ko abe. 20a, 12:12

Miel Anjel Elustondok Loiolarik ez balitz liburuari idatzitako kritika jasotzen du gaur Berria, egunkariak

Iñigo Aranbarrik eta Jose Luis Otamendik idatzitako liburua da, Uztarriak argitaratua, aurten

"1892ko urriaren 25a, asteazkena.

Ostatu handi baten atarian gelditu gara. Heldu gara. Bidean bestaldean, San Inazioren komentu ikaragarria ageri da, halako orban iluna iluntasunean. Bestelako etxerik ez inguruetan; estatua eta komentua, Loiolan ez da besterik". (Pierre Loti) Loiolarik ez balitz.

Literaturaren historia. Literaturaren historia egileek etxe barnetik egina. Gipuzkoan, Urolatik. Bertatik mundura. Bailaran idatzi dena, bertakoek idatzi dutena eta bertan fortunatu direnek izan pasadizoan, izan aldi handi nahiz txikiago bateko bertara zirelako, idatzi dutena. Loiolarik ez balitz. Ez da katalogo, antologia edo zerrenda huts. Testuak idatzi zireneko garaian giroak zuen usaina sudur zuloak dardarka aditzen da orrialdeetan.

Literaturaren historia. Saiakera liburua. Literatura. Ikerketa lan eder zehatz bikaina bi idazlek lumatua. Iñigo Aranbarrik eta Jose Luis Otamendik Urola noiz itoa noiz itogarria aitzakia hartu eta mendeetan hamaika lagunek kontatua ekarri digute Loiolarik ez balitz jakingarri honetara. XVI. mendean hasi eta bart arrats arte. On Kixote Mantxako haren Azpeitiko On Santxo, Joannes Etxeberri, Manuel Larramendi, Xabier Maria Munibe Peñafloridako kondea, Humboldt, Bizenta Mogel, Sabino Arana, Pierre Loti... Martin Itziar Agirre, Gandiaga, Julen Lekuona edo Aresti. Literaturaren historia Urolatik mundura eta mundutik Urolara. Izen anabasan, egileek argia piztu: "Oharkabean, Loiolak jarri digu bidea. Loiola izan da Azkoitia eta Azpeitia elkarren ondora ekarri eta lotzeko giltzarria. Loiolak badu munduan entzutea eta oihartzuna, han-hemenka piztu ditu jakin-mina, gorrotoa eta mirespena".

Literaturaren historia soziala eta gizarte historia literaturaren bidez emana modu apartan. Idazleen luma zorrotza batetik, garaia kontu eta giroa kontari, batak piper eta besteak gatz. Tartekaturik, idazleek idatziak. Eta, betiere, Aranbarri eta Otamendi, testuak bata besteari josten dizkigutela, joskura lanean jostari, iruzkin biribilak brodatzen eta azken litsak ere ateratzen.

Euskal literatura agertzeko bide ez ohikoa. Ikasteko gida berritzailea. Material didaktiko abangoardiakoa. Euskal Herrian bateko eta besteko udalak ikerketa-beken deialdia egiteko tirriak jota dagoen honetan dute, debe, dabe; igande, jai, domeka; txerri, txarri... , bestelako aztergaiak eta ikerketa bideak ozen aldarrika datorrena.

Dio harako idazleak literaturaren historia kontuan hartu eta ez lituzkeela hamabost liburu besterik gordeko. Askozaz gehiago idatzi eta argitaratuta ere, aski lukeela berak hamabost ederreko sortarekin. Horietarik bat dugu guk Loiolarik ez balitz hau. Globalizazio hitza hitzean eta hortzean dabilkigunean, partikulartasuna da unibertsaltasun. Hortik ere badu liburu honek.

Orain, jendea akordatzea besterik ez da falta. Liburua badena. Loiolaren itzal ospeletik eguterara dirdai atera eta eskuliburua jakin-minez hartzea. Eta ireki eta emeki-emeki, perlak irakurtzen hastea.

"Gogoeta ilunak datozkizu jesuitakeriaren eta Inkisizioaren habia honetan; izenak berak itogarritik zerbait duen Loiolako komentu honi begira zaudela, ezin burutik kendu hainbeste gauza krudel eta gogor, garai batean ahopean horma hauen bestaldean aginduak eta gero gertu edo urrun, beti ezkutuan eta errukirik gabe betearaziak". (Pierre Loti)

Loiolarik ez balitz. Loiolarik ez balitz. Non edo nondik asmatu beharko zuketen literatura.