Azpeitiko EHEk EBPNko Aholku Batzordea utzi du

Iñaki Martinez (Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz taldearen izenean) 2005ko uzt. 11a, 12:07

Hala ere, EBPNri jarraipena egiten jarraituko diogu

Badira hilabete batzuk Udaleko Euskara batzordeburuak Azpeitiko Euskal Herrian Euskarazi Azpeitiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren Aholku Batzordean parte hartzeko gonbita egin zigula. Guk taldean ondo aztertu dugu gai hori lehendik ere ari ginen EBPNri jarraipena egiten, eta hainbat gogoeta egin ondoren, Aholku Batzordean parte ez hartzea erabaki genuen. Bertan 2000. urtetik EBPNk egindako ibilbidea ikusita eta guk EBPNri ezetza ematearen arrazoiak gogoratuz eman genion sarrera, gero Aholku Batzordean parte ez hartzeko arrazoiak mahairatu genituen eta Aholku Batzordearen eraginkortasun falta edo erabaki gunea ez izatea salatu genuen, horrek dakartzan ondorioekin: interes falta, parte hartzen dutenak txostena irakurri gabe azaltzea, gero eta jende gutxiago bertaratzea eta abar.

Bestetik, EBPNren lanketa zalantzan jarri genuen: adibidez, eragileei konpromisorik ez eskatzea (dena «ahal baduzu», «nahi baduzu», «doan izango duzu materiala»,...), euskara opari bezala edo fabore bezala eskainiz. Uste dugu, Plan honen arduradunei ahaztu egiten zaiela euskaraz ari garela eta ez haragi zati handi batez, nork zati handiagoa jango. EHEko kideok garbi dugu beti euskararen alde egingo dugula eta ez dugu uste Plan horrek euskararen berreskurapena helburu duenik. Gainera, harrigarria iruditzen zaigu konpromiso hitzak Azpeitiko EBPN edo Azpeitiko Udalari sortzen dion bertigoa edo mesfidantza. Gure ustez Euskara Biziberritzeko Plana martxan denean, beharrezkoa da eragileekin benetan konprometitzea eta ez egin behar delako egitea, batere orden eta irizpide garbirik jarraitu gabe: orain merkatariekin pixkat, gero enpresak, gero merkatariak berriz, ez al da aldrebesa? Eragileak plan horrekiko parte izateko eta planak behar bezala aurrera egiteko beharrezkoa da eragileak eta herria bera ere inplikatzea, hartutako konpromisoak betez eta jarraipen egokia eginez. Horrela bermatuko da denda, enpresa edo erakunde horietan euskararen benetako erabilera.

Aipatutako guztia, Aholku Batzordean azaldu genuen EBPNz dugun iritziaren laburpena da. Hala ere, uste dugu EHE eta Azpeitiko euskalgintza erreferente direla herrian, eta Aholku Batzordean gehiago ez parte hartzea erabaki badugu ere, orain arte bezala EBPNri jarraipena egiten jarraituko diogu.