Eguneko Zentroa handituko dute

Aitonenako obretako zaratatik ihesi, eguraldi ona egiten duenean kanpora ateratzen dira Eguneko Zentrokoak.

"Herrian dauden beharrei erantzuna emateko" handituko du Udalak (www.urola-kostakohitza.info)

Eguneko Zentroaren handitze lanak egiten hasi da Udala, Aitonenako bigarren pisuan. Astelehenean hasi ziren obrak. Gaur egun hamasei lagunentzako tokia dago Eguneko Zentroan, eta handitze lanak egiten direnean 30 lagun hartzeko modua egongo da. "Bigarren pisuan genuen Eguneko Zentroak legeak agintzen zituen neurri guztiak ez zituen betetzen, eta herriak dituen beharrak ere gehiago dira. Gaur egun dauden beharrei eta urte batzuetara sortu daitezkeenei erantzun ahal izateko handitzea erabaki du Udalak", dio Edurne Zubia Udaleko Gizarte Zerbitzuetako buruak.

Gaur egun 16 lagun daude Eguneko Zentroan astelehenetik ostiralera bitartean, itxaron zerrendan ere badaude bakarren batzuk, eta Zestoako Eguneko Zentrora Azpeititik 6-7 lagun joaten dira. Asteburuetan Eguneko Zentroak hamabi lagunei ematen die zerbitzua eta gaur egun beteta dago. "Asteburuetarako, eskari gehiago ere ez dago une honetan", dio Zubiak.

Obrek irauten duten bitartean -bi hilabete inguru izango direla uste dute udal arduradunek- Eguneko Zentroa Aitonenako hitzaldi aretoan dago. Eta eguraldi ona egiten duenean, obretako zaratagandik ihesi, irteerak egiten dituzte: azokara, tabernaren atzealdeko terrazara...

Handitzen denean Aitonenako bigarren solairu osoa hartuko du Eguneko Zentroak. Beraz, han dauden beste zerbitzu batzuk lekuz aldatuko dira: adinekoentzako ileapaindegia, Al-anon, Urkome, gidatzeko baimenaren mediku zerbitzua eta Nekazal Bulegoak.

Aldaketak

Eguneko Zentroa. Obrak egiten ari diren bitartean hitzaldi aretoan, gero bigarren solairuan.

Adinekoen ileapaindegia. Lau bat hilabetean Eliz kalea 20an egongo da. Momentuz 665 745272 telefono zenbakian hartu daiteke ordua. Gero, Aitonenako eraikineko hirugarren pisuan jarriko da.

Al-anon. Lehen pisuko hitzaldi aretoan egongo dira obrak bukatu bitartean.

Urkome. Sindikatu Zaharrean bigarren solairuan. Azpeitia Lantzenen ondoan.

Nekazal Bulegoak. Gaur egun ogasuneko bulegoak dauden tokira (Julian Elorza kalera) pasatuko dira laster.

Gida baimenerako mediku agirien bulegoa. Aste honetan ez da zerbitzurik eman, baina datorren astetik aurrera, orain arte bezala ostegunetan, Aitonenako hirugarren pisuan egongo dira.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide