75 urtera handikiak erdaldun

Pako Sudupe (idazlea; 'Berria, 2005-06-03) 2005ko eka. 3a, 13:06
  • "Iñaki Goenaga":http://www.uztarria.com/albistiek/1117185200 euskaltzale azpeitiarra maiatzaren 27an hil zen, eta Pako Sudupe idazle azkoitiarrak iritzi artikulua idatzi du gaur (ostirala) Berria egunkarian

Atsegina zen berarekin hitz aspertuan jardutea. Gutxi behar zuen kontu zaharrak eta berriak bizkor-bizkor jaulkitzeko: "Gu orduan oso erradikalak gintuan; errektoreari esaten genioan erdaraz ez zekitenen artean ebanjelioa zabaltzeko, sermoiak egiteko, konfesioak entzuteko-eta behar genuela euskara landu, baina gure grina eta nahia beste maila batekoak zituan".

Euskal Akademiatxoa antolatua zuten Loiolako apaizgaitegian, hortxe 1923-1926 urteetan. Jokin Zaitegi buru, Andima Ibinagabeitia idazkari esango dugu, Plazido Mujika, Argarate, Sarobe, Lauaxeta, Korta anaiak eta Iñaki Goenagak-eta: "Besteak pikatxoi eta palekin bide espainiarrak irekitzen ari zituan, horretarako prestatzen; gu, berriz, bide euskaldunak urratzeko. Junioradoan gogor ikasten genitian Virgilio eta Horazio-eta; grekoak, berriz, Homero-eta; orduan, bada, alde batetik horiek, eta horiez gain hizkuntza modernoetako autore klasikoak ere euskarara itzultzeko asmo sendoa hartu genian, eta bestetik geure burua euskaraz ondo prestatzekoa. Lehengo sermoilariek-eta, egundoko astakeriak esaten zitiztean euskaraz, ume-umetan sartu ikastetxeetan, pasatu ez dakit zenbat urte euskara entzun ere egin gabe, eta etxeko euskara atzenduarekin gero euskaraz sermoiak egitera bidaltzen zitiztean; nola egingo zitean ba ondo euskaraz!".

1918-1919an sortu ziren Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia. Delako Loiolako akademia hori ez zen mortuan sortu, jesuiten ikastetxeen barano berezian alde batera, eta bestera, beste erakunde horietako hainbatekiko sintonian eta espiritu berdintsupean. Euskaltzaleak bazkuna sortu zen 1927an eta ordurako hor zebiltzan, besteak beste, Orixe eta Lizardi-eta Euzkadi eta Argia-n eta idazten.

Ekimen kulturalak ez ezik politikoak ere baziren Loiolako apaizgaitegian: "Jarri ditek bailarako umeen lehen jaunartzea zela-eta Espainiako bandera handia Loiolako kupula aurreko erlaitzean, tokirik ikusgarrienean. Igo gaituk gauez Andima eta biok eskailera estu batzuetatik kupulara, kendu bandera eta sartu diagu harako trastelekuan. Goizean, bere onetik aterata errektorea, banderarekin zer gertatu zen galdezka". Alfonso XIII.a Urolako trena inauguratzera zetorrela-eta (1926): "Gelara abisua, geltokira joan beharra genuela biba batzuk esatera. Ezagutzen genuenez geltokiko morroia jakin genian zer biba ziren: Viva el general Primo de Rivera, Viva Alfonso XIII... Trena iristen ari zela, guk mantsoagatik alde egin genian jesuita-etxera eta abantadan bagindoazela gure errektore Bianchiren *Viva Alfonso XIII* hotsak entzuten genitian". Ami vasco Iberoko ebanjelista kaputxinoaren dotrina nazionalista, Andima Ibinagabeitiaren amak sartua Loiolan. Sabino Aranaren itzal handia!

Honaino heldu den irakurleak dakien bezala, 1930tik aurrera Euskal Pizkundeak indar handiagoa hartu zuen. Lizardik eta Aitzolek-eta oso garbi ikusten zuten euskaldunen egoera negargarria zela, euskaldun izan eta euskaldun agertzeari zegokionez. Erdara ez zekiena arlotea zen, nekazari-arrantzale-langile xumea, eta maila goragokoa gaztelaniaz edo frantsesez eskolatua, eta horietako askok ez zuten batere presakotzat jotzen egun gertatzen zaigun bezalatsu euskaldun handikiek jarraibidea erakutsi beharra. Gogora Bonifazio Etxegarai eta Lizardiren arteko eztabaida (1930): "Baña, euskeraren egoitzari buruz, gauz bat badago ukatueziña: alegia, euskera gero ta guztion beroaren bearrago dala, baña are-areago jakintsuen, aitor-semeen ta aundikien bero-bearrean. Aren makaltzea buruetatik etorria baita, erriari, erri xee ezjakiñari zor diogu euskerak gaurdañoan iraun izana. Baña, bidenabar, ezin aserrerik darakuskegu, gaur erri xee orretxek, noizpait ere aundikien urratsei darraikiolarik, euskera baztertuta, alperrikako lorra bai'luken, betirako bizkarretik bota nai ba-du. Ez: orren aurrean gauz bat soil-soilla dagokigu: erri xeearen arpegian euskeraz jardutea; geren buruok oben zaarraz garbitzea; leen ez bezalako jarraibidez erri ori erakartzea, ta euskera jakintzaren bidez, bai; baña erabat, aal-dan guztietan eta guztietarako erabilliz goi-malletara jasotzea".

Hirurogeita hamabost urte igaroak diren arren, aldaketak aldaketa, ez al dirau indarrean?

Lehenbizi, euskara eskolan sartu nahian hasi ziren Lizardi eta Aitzol bezalakoak. Elebitasunaren aldeko borrokarekin batean, gogoan dukezu irakurle zer-nolako kanpaina egin zuen Lizardik 1929an, euskal egunkariaren alde, 1990 arte lortu ez duguna.

Ildo bertsutik, berehala agertuko zen Aitzol eragile bipila, eskola eta prentsan euskara indartzeaz gain, literatura herrikoia bultzatu nahian, hark euskal populuan izan zezakeen eraginaz etsi-etsirik: Euskal Olerti, Antzerti eta Bertsolari egunak antolatze-lanean. Finlandian Kalevalak edo Probentzan Mistralen Mireio-k izan zuten eragina gurera ekarri nahian. Orixe bere sorterrira bidali zuen soldatapean Euskaldunak, hots, gure Mireio idaztera. Iñaki Goenaga zirikatu zuen Friedrich Schillerren Wilhelm Tell antzerki-lana euskaratzera, gero Yakintza aldizkarian argitaratzeko. Aurten berrargitaratu du itzulpen hura EIZIEk, Inazio Mujikak prestatuta. Egungo literatura unibertsaleko itzulpenak eta euskal lanak erdaratzeko ahaleginak aipatu ditugunen segida ditugu.

Zorionez katea ez da eten, 1936ko gerraurrean abiatutako lantegiek badute jarraipena; zoritxarrez, euskararen egoitzak denon bero beharrean darrai, eta lantegiok euskal herritar askorengandik urrun. Heda-behar horretan aitzindari xumea izan dugu Iñaki Goenaga, gure aurreko euskaltzale ekintzaile haien gogoaren berri zenbait eman diguna, Espainiako gerraraino euskalgintzan ahalegin ederrak egindakoa. Ondo merezia du euskaltzale guztion esker oneko omenaldia.