Soreasuko planoak eta plana

Josu Azpillaga 2005ko mai. 10a, 18:05

Udaletxe azpian erakusketa ipini dute, Soreasuko kulturgunea egokitzeko aurkeztu diren planak erakusteko. 8 proiektu dira guztira, bakoitza bere planoekin, instalakuntza eta "numeroekin". Proiektu interesgarriak iruditu zitzaizkidan guztiak, handiak, anbiziosoak. Badago zer pentsatua.

Elementu asko dira kontuan hartu beharrekoak, eta proposamen bakoitzak "desberdin" tratatzen eta baloratzen ditu: zinema aretoa edo auditorioa bera, honen kapazitatea, aparkamentuak, taberna eta kafetegia, taldeentzat lokal polibalenteak, audiobisualentzako tokia, erakusketa, plaza publikoa (zenbait ekitalditarako ere aprobetxa daitekeena), espazio berdea, ingurune horretara sarrerak, hilerrirako bidea eta Santutxuko lotura batzutan... eta beste proposamen batzutan, baita etxebizitzak eta gainerako Soreasu auzunearen berrantolaketa ere.

Faseka aurreikusten dituzte obrak proposamen gehienek: lehenengo fasean zinema aretoa egin, kenduko dutenak utziko duen hutsunea ahalik azkarren betetzeko; bigarren batean, gainerako gunea egokitu. Dozena erdi urte barru kulturgune egokia izateko. Anbizio handiko planak, bai, guztiak.

Pozik atera nintzen erakusketatik...

Batetik, epe luzerako plana pentsatzen ari direla garbi dagoelako. Horrenbeste "kultur" elementu aztertuz ari baldin badira lanean, seinale ona. Hutsuneren bat "detektatu" duten seinale. Uste dut, gainera, epe luzerako mira horixe dela behar duguna: 20 bat urtetarako kultura beharren plana egitea eta erantzutea. Kulturgune zentralizatua izan behar du, herriko kultur mugimenduarentzat erreferentzia izango dena, eta une hauetako sakabanaketarekin bukatuko duena. Horixe da gauzarik inportanteenatakoa, etorkizuneko gune hori egoki marraztea. Eta berdintsu dio plana burutzeko 2, 4 edo 6 urte behar diren.

Bestetik, erakusketa hori ipintze hutsagatik. Herritarrei informazio hori horrela emateagatik, aurkeztu diren proposamen guztien planoak hantxe, bistan, eta nahi duenak iradokizunak egiteko moduarekin. Kontrakora ohituegi gaudelako izango da, baina poztu egin nintzen, bai.

Kezka pixkat ere badut, ordea...

Prozesua bera nola izan den badakidalako: taldeekin ez du udalak ezertarako kontatu. Lehiaketa eta erakusketa egingo zirela esateko deitu zen bilera bat, besterik ez. Erakusketa horretara iritsi arte, udalak soilik manejatu du informazio hori, taldeek ez dute fitsik esaterik izan. Taldeen beharrak aztertzeko azterketak egin dira, baina emaitzak ez ditugu ezagutu.

Ez dut ulertzen, gainera. Egin dezakete inon den edifiziorik ederrena, inon den kulturgunerik ederrena, baina, norentzat? Hain iruditzen zait Pernandoren egia!

Esan dut: etorkizuneko gune hori egoki marraztea da inportanteenetakoa. Horri kultur-talde eta eragileek izango duten papera gehitzen badiogu, marrazki hori askoz osatuagoa izango da. Espazio fisiko horretan herriko kezka kultural desberdinek izan behar dute tokia. Itxuraz kontrajarriak direnek ere bai. Hori da gune bat. Hori da plaza bat. Baina hori lortzeko, momentuz, ez daukagu planik, ez daukagu planorik, ez daude 8 proposamen.

Eta kezka ez dit Udalaren orain arteko ibilbideak bakarrik eragiten. Kultur talde desberdinek ere, ez dute behar bezala asmatu aldarrikapen hori indartzen, prozesu horretan lekua irabazten. Emaitzak lekuko.

Baina poza gailentzen zaio kezkari, egia da...

Badugu oraindik gauzak txukun egiteko aukera. Ikusten ditut zantzu batzuk itxaropenerako. Benetan, kultura arloan gure herriaren geroa markatuko duen erabaki baten aurrean aurkitzen gara, eta iruditzen zait berebiziko aukera daukagula gauzak txukun egiteko. Aprobetxatzea bakarrik falta da.