Demokraziak etxetik hasi behar du

Azpeitiko EAJ/PNV 2005ko api. 14a, 18:04

Herritar guztiok ondo dakizuen bezala, azken hamar egunotan datorren igandeko hauteskundeetarako kanpainan sartuak gaude. Bada herri honen sektore bat hauteskundeetan parte hartzeko aukerarik ez duela esaten ari dena, entzun nahi dioten guztiei, eta hauteskunde hauek ez direla demokratikoak, beraiek falta direlako. Faltako diren ala ez eztabaidatzeak luze joko lukeen arren, bada kontu bat Azpeitiko EAJ-PNVtik salatu nahi duguna: norbaitzuk badabiltza herri honetan, behar bada sentsibilitate politiko horretako jendea, bere eskubideak "zapalduak" izan direla uste izanda-edo, beste guztion eskubideak zapaltzen eta zapuzten ari dena. Herrian zeregin horretarako jarriak dauden tokietan EAJ-EA koalizioak (eta beste zenbait alderdik) jartzen ditugun kartelen gainean hauteskunde antidemokratikoak dioten kartelak jartzen baitizkigute, eta gure kartelak estaltzen dituzte; guk aurrez egin dugun lana alferrikako bihurtuz.

EAJ-EA koalizioa osatzen dugun alderdiok garbi utzi dugu beti,komunikabideetan argi eta garbi egiaztatu daitekeen bezalaxe, alderdi eta herritar guztiek izan behar dutela hautatzeko eta hautatuak izateko eskubidea, eta era guztietako ilegalizazioen aurka gaudela, baita indarkeria guztien aurka ere. Baina argi eta garbi adierazi behar dugu, gu ez garela izan ilegalizazio horren erantzule eta, are gehiago, iruditzen zaigu ezker abertzaleko jendeak bere barrurantz ere begiratu beharko lukeela tarteka-tarteka, eta hausnarketa eta autokritika egin, beste edonori erruak eta kulpak botatzen jardun aurretik.

Iruditzen zaigu kartelak estaltzen aritze hori indarkeria dela, ezer egin ez diegunon aurka ematen dena. Eta, hori ez zaigu iruditzen bere buruarentzat demokrazia eskatzen ari den jende batek izan behar duen jarrera denik. Beraz, eskatzen diegu pakean utzi ditzatela EAJ-EA koalizioak (eta beste hainbat alderdik) jartzen ditugun kartelak.

Protesta egitea nahi baldin bada, hor dute, horretarako espreski jarritako guneetan, beraientzako ere lekua, eta hori erabil dezakete bere ezadostasuna agertzeko. Baina ez zaigu ondo iruditzen besteren kartelen gainean ezer itsasten jardutea. Horrela euren benetako izaera antidemokratikoa agertzen dutelako, besteren aukerak —beraienak baino boto gehiago jasotzen dituztenak, gainera— ez baitituzte errespetatzen. Beraz, demokrazia eskatzerako besteren aukerak errespetatuz demokrazia jorratzen eta praktikatzen hasi daitezela eskatzen diegu, gaueko ordu txikiak aprobetxatuz besteren lana hondatzen dabiltzanei.

Azpeitiko EAJ/PNV