Joxe Takolo Beka abian da aurten ere

Aurten ere Azpeitiko Udalak ireki du Euskal Herriko mendi proiektuak laguntzen dituen Joxe Takolo Bekara lanak aurkezteko epea, eta martxoaren 31 arte izango da zabalik. Beka honen helburua, "goi-mendizaletasunarekin lotuta dauden maila handiko eta orijinaltasunezko proiektuak bultzatzea da".

Joxe Takolo Beka, sortu zenetik (2001. urtetik), 3.606,07 eurokoa da. Kopuru hau Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Mendi Federazioak eta Azpeitiko Udalak finantziatuko dute. Erakunde horien esanetan, "diru kopuru hau aldatu ahal izango da, beste ekarpen batzuekin edota, aipatutako erakunde horien ekarpenak handituta".

Martxoaren 31 arte

Aurten mendi proiektuaren bat duten Euskal Herriko mendizale, mendi elkarte edota bestelako elkarte eta taldeek egin dezakete eskaria Azpeitiko Udalaren erregistroan. Datorren asteartetik martxoaren 31 bitartera arte jarri da epea. Eskari orriarekin batera, proiektua egin asmo duten partaideen datuak, proiektua idatziz eta haren aurrekontua aurkeztu beharko dira Azpeitiko udaletxean.

Gero, aurkeztutako proiektu guztiak aurrez osatuko den batzorde teknikoak aztertuko ditu eta erabakiaren berri apirilaren 1etik 15era bitartean emango da. Batzorde teknikoa, erakundeen hiru ordezkarik eta gaian adituak diren beste zazpi kidek osatuko dute. Batzorde teknikoak aurkezten diren proiektuetan kontuan hartuko dituzte, besteak beste: jardueraren kalitatea, aurkezten den taldearen ibilbidea, partaideen kopurua eta jardueraren iraupena eta zabalkundea, finantziazioa, kirol eta gizarte-mailan jarduera horrek duen interesa. "Aurkeztutako proiektuak kalitatezkoak ez balira, Batzorde Teknikoak 2005erako Joxe Takolo bekaren deialdia hutsik geratu ahal izatea proposatu ahal izango du", dio 2005erako Joxe Takolo Bekarako deialdiak. Horrela gertatuko balitz, bekaren diru kopurua hurrengorako gordeko litzateke.

.2001ean sortu zuten Joxe Takolo Beka, eta ordudanik euskal mendizaleen bost proiektu lagundu dira; bostak ere ezaugarri desberdinetako mendi proiektuak izan dira. Aurten bosgarren aldiz deitu da.

Aurreko urteetako irabazleak

  • Pumori (2001)
  • Nanga Parbat (2002)
  • Elurretako Leopardoa (2003)
  • Trangoko dorreak eta *Ametsak mugimenduan noraiƱo? 8c-aren kateraino* (2004)

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide