Mugikortasun Planean orain aztertzear dauden proposamenak egin dira

Mugikortasun planerako proposamena egin aurretik "mugikortasun politika berri bat egin behar da" (Urola-Kostako Hitza)

Agenda 21etik Mugikortasun Plana egiten ari da; Intra enpresa ari da horretan. Joan den asteazkenean, Intra enpresakoak Mugikortasun Planerako proposamenak aurkeztu zituzten batzar irekian: herri barruko autoen trafikoa, oinezkoen bideak, bizikletentzako bideak, aparkalekuak eta gainerakoen inguruan. "Proposamenak egiteko mugikortasun politika berri bat egin behar da, beti ere mugikortasun jasangarria, Aalboorg eta Agenda 21ek markatzen dituztenak kontuan hartuta eta irizpide propioak sortuta", azaldu zuten.

"Diagnostikoa egin genuen eta emaitzak batzar irekian aurkeztu genituen. Jendearen iritzia jaso eta aztertuta proposamen orokor batzuk egin ditugu. Jakina, ez da behin betiko plana eta aurrera eramango dena", azaldu zuten Intrakoek.

"Era honetako planak egiterako orduan herritarren partehartzea, iritzia eta ekarpena garrantzitsua da", azaldu zuten.

Aurrena herriaren argazki bat osatu zuten: datuak bilduz, gaiaren inguruko foroak eginez, autoak eta aparkalekuak kontatuz, seinalizazioak aztertuz, puntu beltzak zeintzuk diren antzemanez... Inkesta bat ere egin zuten oinezkoen eta garraio publikoaren erabiltzaileen artean. Iritzi inkestetan, jendeak gehien azpimarratutako kontua aparkalekuena da: "Espaloietan arazoak daudela, autoak aparkatzen direlako. Eta zuzentzeko neurrien kontuan %30ak aparkaleku gehiago eskatu ditu".

Berez, "alderantziz" izan beharko lukeen datu bat ere azpimarratu dute, "herri barruan egiten diren mugimenduen artean %65a autoarekin egiten dira, eta %34a oinez".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide