Bidea egiten

  • `Hitza'-ren enpresa argitaratzaileak lehen 100 zenbakien balorazio ona egin du
  • Urola-Kostako udalei egunkaria behar bezala laguntzeko eskatu die

Urola-Kostako Hitza egunkaria ari da bidea egiten, atzo argitaratu zuelako 100. zenbakia. Otsailaren 20an sortu zen eta dagoeneko 7.000 harpidedun ditu, 20.000 irakurle pasatxo. Egunkaria irakurri egin nahi dutelako, interesgarri zaielako eskatu dute 7.000 haiek etxean jasotzea, eta horrenbeste harpidedunekin euskarazko kazeta hau komunikabide erreferentziala da Urola-Kostan. Eta erreferentzialagoa izango da denbora pasatu ahala, harpidedun gehiago izango dituelako.

Egunero 8 orrialdeko egunkaria egiten dugu, batzuetan 12koa edo 16koa ere bai, informazioa luze eta zabal emanez, kalitatez —irakurleek beraiek diote hori, inkestan—. Egunkari plurala dela ere erakutsi du Hitza-k —hori ere badiote irakurleek—. Proiektua aurkezten hasi ginenean, garbi azaltzen genituen zeintzuk diren oinarriak —kalitatekoa, plurala, euskaltzalea...—, eta lan-talde profesionala egunero ari da gauzatzen hori. Horregatik guztiagatik, dagoeneko herritarrek nahi eta behar duten egunkaria bihurtu da, nahiz eta bidea hasi besterik ez egin.

Proiektua egonkortzen ari da, eta gehiago egonkortuko da hurrengo hilabeteetan. Izan ere, Hitza-ren enpresa argitaratzailean, daudenez gain, bertako gizarte eragile gehiago izateko kanpaina hasiko dugu, eta seguru gaude hainbat eta hainbat sartuko direla, proiektu honek baduelako babes soziala. Autofinantziazioan beste pauso batzuk emango ditugu, berriz ere erakutsiz Urola-Kostak behar duen egunkaria dela.

Iritsi gara, beraz, 100. zenbakira. Denok iritsi ere, irakurleen, langileen, euskara elkarteen, Bertako Hedabideen, gizarte eragileen, iragarleen... laguntzari esker. Denak izan dira Hitza-ren bultzatzaile eta eusle. Eta izango dira. Proiektu hau ez da inorena, baina, aldi berean, denena da; Urola-Kostako euskaldun denena. Euskaldun horiek Hitza-n konfiatzen dutela erakusten ari dira egunero-egunero.

Baina proiektuak laguntza handiagoa behar du. Batez ere, udalena. Hala, Aizarnazabalgoak izan ezik, udalek orain arte ez dute Hitza-ren diru laguntza eskaera aintzat hartu (urtean biztanleko hiru euroko laguntza eskaera; urtean 631.000 euroko aurrekontua du Hitza-k). Euskara oraindik ez dago normalizatua, horregatik ari dira erakunde publikoak eta euskalgintzako erakundeak normalizazio planak gauzatzen, eta Hitza plan guztietan bete-betean txertatzen den egitasmoa da; Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak berak dio —Bai Euskarari-k bezala— "estrategikoa" dela euskarazko tokiko komunikabideen arloa eta laguntzeko orduan "lehentasun altukoa" dela. Baina hemengo udal gehienek oraindik ez dute aplikatu Hitza-ren kasuan. Autofinantziazioan goraka joatea da gure helburua, baina, esan bezala, euskara ez dago normalizatuta eta euskarazko komunikabideak oraindik ere defizitarioak dira. Horregatik behar dute laguntza handia.

Gainera, udal batzuek euren herriko aldizkariei esan diete udaletik orain arte jasotzen zuten kopurua Hitza-rekin banatzeko hemendik aurrera. Ez zaigu bidezkoa iruditzen hori, eta hauek dira arrazoiak:

1. Herri aldizkariek merezita irabazi dituzte orain arteko udal diru laguntzak, eta Hitza sortu arren aldizkariek segitu egin dutenez, udaletik diru laguntza kopuru bera jasotzen segitu behar dute.

2. Euskarazko prentsak eskualdean beste pauso handi bat eman du Hitza sortzean, eta, beraz, udalek diru aldetik ere kontuan hartu behar dute pauso eta ahalegin hori.

3. Eskualdeko bost herri aldizkariren elkarteak Hitza-n sartuta daude, baina elkarteak eta Hitza-ren enpresa argitaratzailea organikoki erakunde desberdinak dira, eta, beraz, erakunde bakar batekoak ez diren bitartean, ez da batere txukuna eta errespetuzkoa udalek dirua ematea erakunde desberdinen artean banatzeko; batetik, lege aldetik arriskuak daudelako, eta, bestetik, konpromisoan jartzen dituelako elkarteak.

Euskarari ekarpen handia egiteaz gain, proiektu hau Urola-Kosta eskualdeko erakunde eta herritar guztientzako zerbitzua da, baita proiektu integrala ere, denentzat lekua dagoelako. Ondorioz, egunkari hobea egiteko, eskaintza hobea eta gehiago emateko, Hitza-k udalen diru laguntza garrantzitsua behar du; irakurleek ere hori esaten dute.

Bitartean, orain arte bezala segituko dugu lanean. Bidea egiten. Gizartearekin. Bidelagun gehiago izango ditugulakoan. Mila esker guztioi.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide