Gatazkak badu konponbidea

  • "Euskaldunok ez dugu bakerik ezagutu gobernu espainiar eta frantziarrek, Euskal Herriaren ukazioan oinarritu dutelako euren politika"
  • "Ilegalizazioarekin ados ez daudela esan arren, onurak kontuan hartuta, Espainiako Gobernuaren aginduak betetzen dituzte"

"Zoritxarrez euskaldunok ez dugu bakerik ezagutu. Garaian garaiko gobernu espainiar eta frantziarrek, Euskal Herriaren ukazioan oinarritu dute beraien politika. Euskaldunok espainol eta frantses izatera behartu gaituzte. Gure herria polizia kanpotarrez okupaturik, gatazka politiko eta armatu sakon baten erdian bizitzera kondenatuak izan gara.

Erresistentzia islamiarrak PSOE alderdia Espainiar Gobernura eraman ostean, talante berriaz hitz egiten zen. Hala ere, laister ikusi da euskaldunokin hitzegiteko errepresioaren hizkuntza erabili asmo duela Zapaterok ere. Iraketik tropak erretiratzen zituzten bitartean, indar okupatzaileak Euskal Herrian mantenduz HZ, Herritarren Zerrenda, ilegalizatu zuten. Eta zoritxarrez, konponbiderako apostua egin beharrean, bide poliziala indartuko dutela aurreikus dezakegu.

Bitartean, Euskal Herrian bada neurri polizial eta politikoak tartekatu behar direla dioenik. Bide polizialari babes osoa eskaintzeaz gain, Ertzaintzaren eskutik errepresioa gestionatzen dihardute alderdi sasiabertzaleek. Ilegalizazioaren auzian ere, beraiek ados ez daudela esan arren, besteen baliogabetzeak beraiengan izan ditzaketen onurak kontuan hartuta, ederki betetzen dituzte Espainiako Gobernuaren aginduak. Neurri politikoei dagokionez aldiz, eta gatazkaren konponbiderako balio ez duela onartzen badute ere, “Ibarretxeren Plana”rekin jarraitzen dute. Eskumen gehiagoren truke, gatazka politiko eta armatua mantenduko duen fase berri bati atea ireki nahi diote, beti ere beraiek boterean egoteko helburuarekin.

Baina, bada garaia gatazkari konponbidea eman eta bakea lortzeko. Izan ere, gatazkak badu konponbidea. Horretarako gatazkaren oinarriak gainditu behar dira, eta euskaldunon eskubideak errespetatuko dituen konponbide bat bilatu. Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea errespetatuko dela zihurtatzeko, indar okupatzaileak erretiratu beharko dira. Gatazkaren ondorio diren preso eta iheslari politikoei dagokionez, aldiz, Euskal Herrian libre izateko eskubidea eman beharko zaie.

Eta bakerako bidea malkartsua bada ere, bide horretan ari da ezker abertzalea. Espainolek espainol edo frantziarrek frantziar izateko duten adinako eskubidea dugulako euskaldunok ere euskaldun izateko. Eta horregaitik, lanean ari da Urola-Kostan ere Amnistiaren Aldeko Mugimendua. Bide polizialaren antzutasuna salatuz eta preso nahiz iheslarien eskubideak defendatuz. Ekarpen berri bat egin asmoz antolatu dugu uztailaren 4an Xoxoteko ekimena".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide