Andoni Aranaga: "Bukatzea nuen helburu, baina zorte txarra izan dut"

  • Giroan ez du zorterik izan; gaixotun batek erretiratu du, gastroenteritisak
  • Ihesaldi batean parte hartu du eta gustura dago egindakoarekin

Andoni Aranagak ez du zorterik izan lehen itzuli handia izan duen honetan: Italiako Giroan. Gastroenteritis batek bizikletatik jaitsiarazi du. Hala ere, gustura dago, ihesaldi batean ibili zelako. Uztarriak, hura herrian dela aprobetxatuz, galdera batzuk egin dizkio:

Lehenengo aldiz Italiako Giroa bezalako itzuli garrantzitsu batean parte hartu duzu. Urduri al zeunden?

Hasieran bai. Urduri, gogotsu, beldurti... denetik sentitu nuen hasieran, baina behin hasi eta gero, lasai egon naiz.

Zein zen zure asmoa edo zenuen agindua?

Bukatzea nuen helburu, Milanera iristea nahi nuen. Gero ihesaldi baten sartuz gero... hobe.

Eta sartu zinen.

Bai. Ihes eginda ibili nintzen beste txirrindulari batekin. Mendian lasai nenbilen, etapak amaitzean ere nahiko ondo ari nintzen errekuperatzen eta, gainera, ihesaldian ere sartu ahal izan nuen. Gustura nago agerraldia egin dudalako.

Azkenean erretiratu. Zer gertatu zen?

Bosgarren etapa bukatzerakoan hasi zitzaidan. Zerbaitek kalte egin, ez dakit urak edo janariren batek, eta gastronteritisa izan dut. Botaka, beherakoa, bi kilo galdu nituen. Ez nuen afaldu, ez gosaldu, ohetik jaikitzeko ere ez nengoen. Irten nintzen hurrengo etapan baina ezin eta utzi egin behar izan nuen.

Zer esan zizun zuzendariak?

Lasai joateko etxera. Berak ere pena hartu zuen, zerbait mugitzen ari nintzen eta. Nahikoa egin nuela eta lasai egoteko esan zidan.

Urte petrala daramazula esan al daiteke?

Ez. Gauzak horrela etortzen dira. Beste itzulietan ongi ibili naiz, Euskal Herrikoan kenduta. Emaitza hobeak lortzea espero dut hala ere, hemendik aurrera.

Zer moduz profesionaletako lehen urtean, bestela? Nolako izaten da txirrindulariaren egun bat?

Aspergarria! (barre). Esnatu eta gosaldu egiten dut. Egunkaria irakurri eta 10:30ak aldera joaten naiz entrenatzera. Egunaren arabera egiten dut entrenamendua, 4-6 ordukoak edo. Ondoren bazkaldu, kalera irten eta buelta bat ematera joaten naiz afaltzeko garaira arte. Bukatzeko, afaldu eta lotara.

Gogorra?

Ez. Gu baino okerrago asko bizi dira. Hala ere, batzuek ondo bizi garela diote, baina guk ere baditugu gure kontuak; zaindu beharra daukagu, txirrindularia izateak gauza batzuetarako mugak jartzen dizkizu. Baina txirrindularitza gogoko dut eta gustura nago.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide