Txapela Azpeitian gelditu zen

  • Jokin Uranga azpeitiarrak irabazi du Erniarraitzen txapelketa, Soreasun
  • Sei puntuko aldea atera zion 'Mantxi'-ri; Beñat Lizaso bosgarren, Leire Ostolaza seigarren

II. Erniarraitz Bertsolari Gazteen txapelak badu jabea: Jokin Uranga azpeitiarra. Herenegun gauean jokatu zen finala, Soreasun. Taula gainean, sei bertsolari ziren: Felix Zubia, Iñigo Manzisidor Mantxi eta Nahikari Gabilondo zarauztarrak, eta Jokin Uranga, Leire Ostolaza eta Beñat Lizaso azpeitiarrak. Bi herrietako taldeak izan zituen Gabilondok sarrerako bertsoan eta "Zarauztik gerra ematera" etorri zirela esan zuen. Mantxik, berriz, finalari "desafioaren traza" hartzen ziola kantatu zuen.

Bestelako lanetan, berriz, Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kideak: epaimahaikide, Xabier Azpillaga, Jose Luis Gorrotxategi eta Imanol Lazkano ziren. Idazkari Ixabel Jauregik jardun zuen eta gai-jartzaile Dorleta Odriozolak.

Entzuleen artean, 200 lagun inguru bildu zen. Zestoako eta Azkoitiko kanporaketetan baino jende gehiago izan zen finalean. Antolatzaileen esanetan kanporaketetan batez beste 85-100 lagun bildu baitziren.

Saio ona

Ostolaza eta Gabilondo ziren faboritoak txapela irabazteko; kanporaketetan garaile ere biak izan ziren eta orain bi urte Gabilondok irabazi zuen txapela. Baina Ostolaza, oso urduri egon zen saioan eta azken postuan gelditu zen; Gabilondo laugarren egin zuen. Antolatzaileak gustura ziren finaleko saioarekin: "Orokorrean saio ona joan da", zioen Jose Luis Gorrotxategik. "Puntukako saioan jaitsi egin da maila; ikusten da horretan ez direla entrenatzen".

Gai aldetik bertsolariek ez zuten aitzakiarik izan behar Gorrotxategiren ustez, "oso gai onak joan" zirelako. Hiru sari banatu ziren bertsolarien artean: Errezilgo Udalak emandako saioko bertso onenaren garaikurra, Mantxik jaso zuen Luis Arakistainen eskutik, zortziko txikian Felix Zubiarekin jardun zuenean "egurraren inguruan" emandako erantzunagatik. Bertso sariketako, bigarrenarentzako garaikurra, Azpeitiko Udalak emana Kontxita Martija zinegotziaren eskutik Mantxik jaso zuen. Eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteak irabazlearentzat jarritako garaikurra eta txapela Urangak jaso zituen, Ixabel Jauregik eta Imanol Lazkanok emanda.

Mantxik bertso onenaren saria anaia gazteari eskaini zion eta bigarren saria, berriz, aitonari. Urangak, txapela sasian den Joseba Segurola Xegu lagunari eskaini zion.

Finaleko sailkapena

  1. Jokin Uranga; 282 puntu
  2. Iñigo Manzisidor Mantxi; 276
  3. Felix Zubia; 266,5
  4. Nahikari Gabilondo; 259,5
  5. Beñat Lizaso; 256,5
  6. Leire Ostolaza; 253,5

Jokin Uranga: "Parekoak gara denok"

Jokin Urangak txapela jaso aurretik, saioan nekatu eta oherako bidea hartuko zuela zioen. Baina aldatu zitzaion animoa txapela jantzi ondoren.

Espero al zenuen irabaztea?

Ez dakit. Nahiko parekoak ginela ikusten nuen, bai finalera etorri aurretik eta baita saioan bertan ere. Hala ere, ikusten nituen bakarren batzuk txapela irabazteko aukerarekin.

Zer moduz zara sentitu finaleko saioan?

Boladaka ibili naiz. Zortziko txikian eta handian bertsoak tolesteko ondo ibili naiz. Okerren puntuka ibili naiz; ohitura falta dugu horretan, gutxi jarduten dugu, eta horrelakoetan nabari izaten da.

Bestela, izan den giroarekin gustura?

Bai, gustura. Soreasu dena ez da bete, baina nahiko jende izan dela uste dut.

Orain bi urte Nahikarik txapela Zarautzera eraman zuen eta gaur Azpeitian gelditu da.

Halakoxe bi talde gaude, gaur hara joango da eta bestean hona etorriko da. Zarautzko taldea eta Azpeitikoa pareko gaude, ez dago desberdintasun handirik. Aurrekoan hari tokatu zitzaion eta gaur niri.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide