Ezker abertzalearen mobilizazioak egun hauetako gertaerengatik

  • Elkarretaratzea egin zuten atzo, Madrileko atentatuak eta Espainiako Gobernuaren "gezurra" salatzeko
  • Hernaniko gertaerak direla-eta batzarra egingo dute gaur 19:00etan, plazan
  • Bihar Iruñera joateko dei egin dute
  • Asteartean 12:00etatik 12:15etara lan uztea egiteko deia egiten dute

Ezker abertzaleak eta LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Azpeitiko plazan. Bertara hainbat herritar gerturatu ziren, Madrileko atentatuak salatzera eta Espainiako Gobernuari "hauteskundeak direla-eta egun hauetan esandako gezurrak aurpegiratzera".

Bestetik, gaur Hernanin egin den kontzentrazioan, Ertzaintzaren kargaren ondoren, Kontxi Sanchiz, 58 urteko emakumea, karrera batean babestu eta segituan lurrera erori da —'berria.info'-k dioenez, ustez bihotzekoak jota—. Sanchiz hil egin da. Azpeitian gaur 19:00etan batzarra egingo da, plazan, gertaera horren inguruko informazioa zabaltzeko.

Azkenik, Angel Berrueta iruñearraren hilketa dela-eta ezker abertzaleak dei egin du bihar, martxoak 15, Iruñera joateko, hiletara. Berrueta (61 urte) bere okindegian zela, Espainiako polizia batek tiroz hil egin zuen. Hau guztia ikusirik, Azpeitiko herriari dei egiten diote martxoaren 16an, asteartean, 12:00etatik 12:15etara lan uztea egiteko. Baita egun osoan izango diren mobilizazioetan parte hartzeko ere.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide