Azpeititik 'Klagenfurt Ironman 2003'-ra joandako biek bukatu dute proba

Asier Oiarzabal 'Disdira' eta Joseba Ortega 350 lehengoen artean sailkatu dira

Austriako Klagenfurt herrian triatloi luzeko Ironman lasterketa bat (3´8 km igerian, 180 km bizikletan eta 42 km korrika) izan zen San Fermin bezperan, uztailak 6, eta Asier Oiarzabal Disdira (30 urte) eta Joseba Ortega Agote (37) triatletak joan ziren Azpeititik bertan parte hartzera.

Aurten ekin dio lehenengoz Disdirak ironman lasterketari, eta gogor bezain gogotsu saiatu da hain proba neketsua gainditzeko entrenamenduetan. Emaitza bikainak jaso ditu Asierrek azken hilabetean, besteak beste, Arrasateko triatloian eta Zarauzkoan (lehenengo 30en artean).

Joseba Ortegak, aldiz, iaz bost hilabetez entrenatu ezinik egon ostean, hamaikagarrenez heldu dio urtero ironman bat egiteko grinari. Ibilbide bikaina osatua du triatloi luze zein laburretan, eta 2001eko Hawaiiko Ironman Munduko Txapelketarako sailkatzean lortu zuen balentriarik handiena .

Biek lortu zuten proba latza amaitzea: 9 ordu eta berrogeita hamazazpi minututan Asierrek, eta 10 ordu eta hemeretzi minututan Josebak. Ez zuten, gainera, nolanahiko postua lortu, 1800 partaidetatik 350 lehenengoen artean sailkatu baitziren biak.

ZORIONAK ETA BEJONDEIZUELA!!

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide