Ikasberri Kirol Elkartea

Badira sei urte Ikasberri Kirol Elkarteak bere ibilbideari ekin ziola. Lehen urratsak ematen hasi ginenetik, traba ugari izan ditugu gure ibilbidean. Denborak erakutsi du kirol arloan herri honetan zegoen eta oraindik ere dagoen hutsunearen zati bat betetzeko ahaleginetan ari dela Ikasberri Kirol Elkartea: Eskupilotan eta palan federatu mailan jokatzeko aukera eman, futbolean beste talderen batean aritzeko aukerarik ez duten gazteentzat bide berri bat ireki, herri mailako txapelketak egin, eskolarteko pilota txapelketa antolatu,...

Hala eta guztiz ere 7. denboraldi honetan, esparru propioa badugula erreibindikatu beharrean aurkitzen gara egunez-egun:

  • Futbolean urte asko pasa ditugu inork beretzat nahiko ez lukeen ordutan jokatzen, hautsez beteriko futbol zelaian itotzen, gainerako taldeei alfonbra berdea zabaltzen zaien bitartean.
  • Pilota arloan, eskean ibili behar izaten dugu herritarrentzat antolatutako txapelketak jokatu ahal izateko, aste osoan ordu gutxi batzutan frontoia erabiltzeko aukera onar diezaguten.
  • Parte hartzaileek ordaintzen dute hau guztia, partida asko gaueko 22:00etan jokatuz, non jokaturik gabe egonaz...

Honenbestez gure kezka eta eskaera publikoki agertzea erabaki dugu, ez garelako bigarren mailako kirol elkartea, ez gaudelako diskriminazio tratu hau onartzeko prest eta guk antolatutako ekintzetan parte hartzen duten herritarrek besteek utzitako hondarrak baino zerbait gehiago behar dutelako.

Honegatik, kirol elkarte inplikatuei esan nahi diegu, bakoitzak gure esparrua betez, elkarrekin, Azpeitiko herriari futbol eta pilota eskaintza egokia egitea dela gure eginbeharra. Era berean, Udalari zuzentzen gatzaizkio, kirol ikuspegi klasista hau puskatzeko ausardia erakuts dezan eta herritar guztiei aukera berberak eskaintzeko bere betebeharra behingoz aplika dezan exijitzeko.

Ikasberri Kirol Elkartea 2003ko apirilaren 3an

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide