Jasangarritasun Mentala

Aitor Aranguren (Udaleko Ingurumen batzordeburua.EA) 2002ko api. 3a, 19:04

Pozik gaude. 2002. urtean ZUHAITZAREN URTEA da Azpeitian. Hori ospatzeko ekitaldien hasera, ordea, zinegotzi hau harri eta zur begira zela Azpeitiko hirigunean Urola ibaiaren ibilguan Udaleko langileak zuhaitzak ebakitzen ari ziren goiz batekin hasi zen. Ez zuten bat bera ere utzi. Aurrez eskatua eta azaldua nuen Udalean, era guztietara, zuhaitz horiek bere horretan utz zitzaten nuen interesa; azken batean, ibaian berezko eboluzio naturala gertatzen uztea (garbiketa eta ebakitze selektiboak izan ezik). Horrez gain, behin baino gehiagotan eskatua nuen, gizarajoa ni, hainbat aktatan jaso zedila eskari hori, gertatu dena gerta ez zedin, hain zuzen ere. Baina dena alferrik. Haserre-sutan, nire kexa agertu nion Udaleko arduradunik gorenari eta berriro ere protesta hau aktan jasoarazten dut. Toki-administrazioan arazo endemikoa da ingurumenaren aldagaia euren egitura eta funtzionamenduaren baitan txertatu ezina.

Baina ekitaldi nagusia falta zen. Martxoaren 2an egun ederra zabaldu zuen. Azpeitian ospatzen zen Zuhaitz Eguna eta hemen egin behar zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurugiro Sailak, Azpeitiko Udalaren Ingurumen Batzordearekin batera antolatzen zuen ekitaldi ofiziala. Zuhaitzak aldatzeko aukeratutako lekua Ingurugiro Etxearen inguruak eta honen parean hurbil dagoen Urola ibaiertzak izan ziren. Egin zitzaien gonbidapenari Azpeitiko eta Azkoitiko zazpi ikastetxeek emandako erantzuna ezin hobea izan zen: 170 neska-mutil baino gehiago, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. kurtsokoak (10-12 urte artekoak) agertu ziren, eta 22 begiraleren laguntzaz, ibaiertzetako 250 zuhaitz inguru landatu zituzten (lizarrak, sahatsak, haltzak eta zumarrak). Ikusi egin behar zen langintza horretan zer gogo eta ilusio jarri zituzten. Tamalez, ezin nuen sinetsi hilaren 6ko goizean nire begiek ikusten zutena, zuhaitzak ez baitzeuden; jabetza pribatuko sektore batean ez zeuden. Jabetza publikokoa den ibaiertz zatian, berriz, han jarraitzen zuten zutik (begibistako arrazoiengatik) han aldatutako zuhaitzek (gutxienak). Baina gainera, asmo txarrez eta gaiztakeriaz betetako ekintza batean, benetan falta ziren, ez zeuden inon. Datuak argi eta garbiak dira eta ez dute beste azalpenik behar. Agian, jendeak ekimen hauetarako borondate ona izan beharko lukeela pentsatuta, haseratik okerra egin genuen Azpeitiko Udalaren aldetik, gutxienez gizalegez bada ere, ez baitzen gai horretaz hitzegin lursail pribatuaren jabeekin. Baina azal ditzagun kontuak zatika.

Bada gertakari bat, gutxienez ere deigarria eta bitxia. Nik 38 urte ditut eta ezaguera dudanetik ibaiertz hori egoera ber-berean ezagutu izan dut, baina alde nabari batekin, ingurumenaren ikuspuntutik. Reynoutria japónica izen zientifikoa duen kanpoko espezie batek, bertakoa ez den batek, kolonizatu du poliki-poliki ibaiertza eta gaur egunean hura da jaun eta jabe bazterretan (martin arrantzalea bera ere desagertarazi du), eta inguruko baratzeetara ere sartzen hasi da. Espezie honek harrapatu ditu janadik Gipuzkoako ibaiertzak eta orain erreketara ere sartzen hasia da. Ulertu ezin dudana da hamarkada luzeetan ezer egin ez izana, ezertxo ere ez, espezie honen zabalkundeari aurre egiteko (aitzitik, zuhaiska horiek inausi eta zatiak in situ botatzeak efektu biderkatzailea izan du) eta zuhaitz autoktonoek hiru egun bakarrik iraun izana. Edonola ere, Foru Aldundiak egindako garbiketa lanak eta ondoren zuhaitz autoktonoak (doan) aldatzeak halako balio erantsi bat ematen zien lursail horiei. Aipatutako zuhaiska horren kimu berriak gaur egun hondatua dagoen ezkerraldeko ibaiertzean zein indar harrigarrirekin hazten ari diren ikustea nahi duenak ez du egun hauetakoren batean leku hartara joatea besterik.

Baina bada beste kontu bat ere, are garrantzitsuagoa, sentsibilitate-falta ezin larriagoa agertzen duena. Zer gertatzen da gaztetxoekin ingurumen arloan egin den kontzientziazio-lanarekin? Zer galdetuko diote beren buruari eurek aldatutako zuhaitzak desagertu egin direla ikusten dutenean? Eta okerrena, zein izango da erantzuna?

Industrializatutako gizarteak, XX. mendean, ibaiei bizkarra emanda bizi izan dira. Ibaiak hondakindegi huts bihurtu ditugu eta dagoeneko konponbide zaila duten kanalizazio basatiak egin zaizkie. Ibaia ez da ura soilik. Ibai-ekosistema osatzen dute ibaiaren ibilguak eta ibaiertzek, baina baita bi leku horiekin elkarreraginean dagoen, eta han bizi den, fauna eta landaredia ere bai. Ahozabalik uzten gaituen pagadi batek adinako balioa du ingurune honek. Urola ibaiko uraren kalitateak izugarrizko gorakada egin du, hobera, Lasaoko Ur Araztegiarekin, ibai-arroaren buruan (Urretxun) ireki berria den Ur Araztegiarekin eta laster batean, ibaia itsasoratzen den gunean, Zumaian, jarriko denarekin. Hala ere, ibaietako habitataren berreskurapen integrala lortzeko ibaiertzak berriro landareztatzea eskatzen du eta presak kentzea (benetako oztopo baitira) edota arrain-espezieen migrazio-mugimenduak erraztuko dituzten pasabideak jartzea. Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako Departamentuak eta Nekazaritza eta Ingurumenekoak, bai eta Eusko Jaurlaritzan lan beretan ari diren Sailek duten helburua ibaietako uraren erabateko kalitatea berriro lortzea eta ibaiertzak berreskuratzea da. Hala, badira zenbait proiektu zehatz ibaiertzak berriro landareztatzeko eta presak eraisteko, Azpeititik Lasaora, Loiolatik Azkoitira eta Ibai-Eder ibaian (Urolaren ibaiadarrik nagusiena). Loiolatik Azpeitira arteko ibaiaren zatian (hirigunea barne dela) bada dagoeneko ingurumen ikuspuntutik berreskuratzeko proiektu bat, Azpeitiko Udalak berak eskaturik egina. EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren antolamendu-eremua (415/1998 Dekretua) ibaibideen bi aldeetan dauden 100 metro zabalerako lurzoru-zerrendek osatzen dute. Zehazki, hirigintza-garapen berriak egiteko potentziala duten eremu gisa definitutako ibaiertzen gutxieneko erretiro-lerroak (ibai-ibilguaren babeserako lerroak), eraikuntzarako eta urbanizazio-plataformarako 20 metro eta 10 metrokoak dira, hurrenez hurren. Argi samarrak izango bagina, bateratu egin behar genituzke Eusko Jaurlaritzak legez urentzat ezarriak dituen babes- eta kontserbazio-irizpideak zein mugak, ingurumen arloko irizpide ausart eta orijinalenekin oraindik kanalizatu gabe dagoen ibai-zati hau kokatua dagoen area zehatz honetan garatzear dagoen hirigintza-tarta erakargarria ikusita. Gainera, Eusko Jaurlaritzak ekainean onartuko duen “2002-2020rako Garapen Jasangarria lortzeko Euskal Ingurumen-Estrategia” egitasmoak naturaren eta bioaniztasunaren babeserako arloan dituen helburuen artean batek dio 2006 urtean EAEn ibaietan kanalizatutako kilometroak ez daitezela izan 2001ean baino gehiago. Hala bedi.

Azken hamarkada honetan ingurumen-politikak protagonismo berezia izan du. Orain gutxi arte ez bezala, gaur egunean ugaritzen ari dira Ingurumen arloko sailak eta teknikariak erakunde publiko guztietan eta enpresetan, Ingurumen arloko Master eta Lizentziaturak, Ingurumenaren gaineko museo-zentru-gelak, araztegiak, bidegorriak... Ohiko egiten ari zaizkigu berotegi-efektua, Kyotoko protokoloa, bioaniztasuna, ISO 14001, espezieak desagertzeko arriskua eta antzeko hitzak, eta jasangarritasuna, Agenda 21.... eta antzeko hitzen aditzera ere badugu.

Donostian martxoaren 5 eta 6an “Tokiko Agenda 21ak Euskal Udalerrietan” izenpean egin ziren jardunaldietan, Ihobeko zuzendari batek, oso egoki gainera, ingurumen arloko aktoreak jasaten ari diren protagonismo aldaketaren gaineko hausnarketa egin zuen. Enpresak, gizarte industrial honen azken urteetako garapenean sortu diren ingurugiro-erasoen eta kutsaduraren sortzaile izan direnak, ingurumenaren aldagaia bere produkzio prozesuetan zeharo azkar ari dira txertatzen eta bereganatzen. Herritarrak, berriz, gero eta garrantzitsuago eta neurri handiagoan ari gara ingurumen arloko arazorik larrienak handitzen, halanola airearen poluzioa (autoekin), hondakinen sorrera (zaborrekin), mugikortasuna (trafikoarekin) eta azpiegiturak, urria den lurraren gaineko presio urbanistikoa, natur-inguruneari gero eta presio handiagoa eta abar. Arazo hauek era esponentzialean ari dira gorantz egiten, hain zuzen ere espaziorik soberan ez dagoen gure lurralde honetan.

Zorionez, eta agian gure herriko Tokiko Agenda 21aren ezarpen-prozesuaren lilurapean edo, administrazioaren eta, ondorioz, herritarron jasangarritasun mentala lortzera bideratutako prozesu makal baina geldiezin honetan sinesten jarraitzen dut. Izan ere, guztion sen ona lantzea besterik ez da.