Koronabirusa Azpeitian

Epel dator uda

Uztarria.eus 2020ko eka. 24a, 19:13
Azpeitiko turismoan eragina izango du osasun krisiak. (Ihintza Elustondo)

Osasun krisiak bete-betean kolpatu du turismoa. Nolakoa izango da uda? Galdera horri erantzuten saiatu da hainbat lagun 2020ko ekaineko Uztarria aldizkarian, Anartz Izagirre eta Ihintza Elustondo kazetariek egindako erreportaje honetan.

Jendez hustu dira aireportuak eta tren geltokiak, hoteletan eta ostatuetan jada ez da maleten gurpil hotsik entzuten eta ez da kameren argirik ikusten herri eta hirietako gune turistikoetan. COVID-19 gaitzaren aurretik, ez zuen inork halakorik esperoko, baina gertatu da: turismoaren industriak espero ez zuen zaplastekoa hartu du.

Udako oporraldia langile askoren urteko momentua nahiz diru iturria izan ohi da urtero-urtero, eta beste hainbat alorren moduan, koronabirusak ezustean harrapatu ditu bidaia agentziak, ostatuak zein bidaiariak. Hilabete gutxitan lan egiteko modua zein asmoak errotik aldatu behar izan dituzte horiek, eta herrialdeetako agintariek zer erabakiko zain daude, udako aurreikuspenak egiteko.

Museoetan eta eraikin turistikoetan ere eragina izan du itxialdiak. Erlijioari lotutako turismoak indar handia du Azpeitian, Loiolako basilika tarteko. Loiolako Inazioren historia gertuagotik ezagutzeko, hainbat atzerritar etorri ohi da herrira, sarri talde handietan. Dena den, Loiolako Santutegiko ordezkariek azaldu dutenez, uztailera arte ez dute zabalduko gune hori, gutxienez, eta beraz, behera egingo du turismo eredu horrek uda honetan.

Burdinbidearen Euskal Museoak ere ekainaren hasieran zabaldu zituen berriro ateak, martxotik itxita egon ostean. Juanjo Olaizola museoko zuzendariak azaldu duenez, segurtasuna eta osasuna bermatzeko helburuarekin, hainbat neurri hartu dituzte: "Manpara bat jarri dugu sarreran, hidrogelak ere jarri ditugu, eta ibilbide zirkular bat osatu dugu bisitariak elkarrekin gurutza ez daitezen".

30.000 eta 35.000 bisitari artean hartzen ditu museoa urtero, baina aurtengoan kopuru hori gainditzea "zaila" izango dela uste du Olaizolak. Hala eta guztiz ere, udan jendea gerturatuko denaren esperantza du donostiarrak, eta bisitariak esku zabalik hartuko dituztela azaldu du: "Ez dakigu zein egoera izango dugun udan, baina gu, beti bezala, ahalik eta zerbitzu onena ematen saiatuko gara".

Udan zerura begira, eguraldi onaren zain egoten zirenak, birusaren bilakaerari begira daude orain. Uda honetako planak prest zituzten hainbat langile eta bidaiarirekin hitz egin du Uztarriak.

 

Bidaia agentziak, berrasmatzen

Koronabirusa txoko guztietan agertu aurretik herritar bat baino gehiago udako oporraldia antolatzen arituko ziren; Mediterraneo itsasoko hondartza amaigabeetara, Europako hiriburuetara nahiz munduko hainbat txoko ezezagunetara joateko planak eginda izango zituzten azpeitiar askok. Alarma egoera martxan jarri zenetik, ordea, bidaiatzeko itxaropena galtzen joan da hainbat herritar, eta askok alboratu egin dute maleta prestatu eta hegazkina hartzeko plana. Horrek guztiak bidaia agentzien jarduna ere hankaz gora jarri du, eta egoerari buelta ematen saiatzen ari dira agentziak. Maite Lazkano (Azpeitia, 1972) Halcon bidaia agentziako langilea "itxaropentsu" dago udara begira, apurka-apurka gauzak bere onera bueltatzen ari direla uste baitu.

Lazkanok dio aurten egoera "zaila" izatea aurreikusten dutela bidaia agentzian, baina aurreikuspenak eta herrialdeek ezarritako neurriak egunetik egunera aldatzen ari direnez, espero ez zituzten "aukera berriak" zabaldu direla: "Bruselak turistentzat Europako mugak irekiko dituela esan izana arnasa izan da guretzat", azaldu du. Lazkanok dioenez, munduko hainbat konpainia garrantzitsu esaten ari ziren ekainean hegaldiak martxan jarriko zituztela, eta hori jakinda, azpeitiarrak "espero" zuen Europak mugak irekitzeko intentzioa izatea, ez baitzuen ulertzen konpainiek beren jarduna berreskuratzea, mugak itxita egongo zirela jakitun.

Gaur-gaurkoz, azpeitiarrak ekainean jarrita du gogoa, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak alarma egoera gehienez ekainera arte luzatuko zela esan baitzuen, eta horrekin batera, bidaiatzeko aukerak aldatu egingo direla uste du Lazkanok: "Espainiako Gobernuak Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Espainiara iristen diren turistek berrogeialdia egin beharko dutela, baina alarma egoera bukatzean kendu egingo omen dute neurri hori". Hain zuzen ere, neurri hori hasieran "kolpea" izan zela dio Lazkanok, Espainiak neurri horiek ezarri bazituen, beste hainbat herrialdek ere gauza bera egin baitzezaketen. Baina alarma egoerarekin batera neurri hori kenduko zutela jakitea "pozez" hartu zuela dio.

Espainiako Estatu barruan bidaiatu ahal izatea ere "lasaigarria" izan da azpeitiarrarentzat: "Azkenengo momentura arte jakingo ez dugun arren, badirudi Espainiako Estatu barruan bidaiatu ahal izango dutela gure bezeroek". Kanariar Uharteak, Balearrak eta Mediterraneoko kostaldea dira udan herritarrek aukeratu ohi dituzten helmuga ohikoenetariko batzuk, eta Lazkanok uste du jende askok horiek aukeratuko dituela bidaiatzeko. "Beste gauza bat da beldurra dela-eta jendeak bidaiatzerik nahiko duen ala ez. Momentuz, denetarik ari naiz entzuten bezeroei", aitortu du.

Etor litezkeen bidaiak ez ezik, bezeroek Aste Santurako nahiz udarako jada erreserbatuta zituzten bidaiak ere kakaztu zituen koronabirusak, eta Lazkanok dio bidaia operadoreekin eta airelineekin hitz eginda, bezeroek dirua berreskuratzeko edo bidaiak atzeratzeko aukera izan dutela: "Orain dela gutxi arte itxita izan dugu agentzia, baina jada ireki dugu jendeari bere bidaiekin zer gertatuko den azaltzeko". Konpainia askok bezeroei "bonoak" eman dizkietela azaldu du azpeitiarrak, urteko beste momenturen batean bidaia hori egin ahal izan dezaten. Beste batzuen kasuan, aldiz, dirua itzuli diete zuzenean.

Esan gabe doa Europako herrialde askotan sektore garrantzitsua dela turismoarena, eta hainbat herrialdetako ekonomia jardueran sekulako pisua duela; Espainian, kasu. Urte honetan turismoaren sektorearekin zer gertatuko den galdetuta, Lazkanok argi du gauzak aldatuko direla: "Air France, Turkish Airlines eta Emirates bezalako airelineek eutsiko diote krisi honi, herrialdeei ez baitzaie komeni halako konpainiek behea jotzea, baina dagoeneko airelinea batzuk bidean gelditu dira; Kolonbiako Avianca, esaterako". Hain zuzen ere, eztabaida sortu zen hegazkinen inguruan, Europako Batzordeak aire konpainiei eskatu baitzien hegazkinetako erdiko eserlekua libre uzteko. Azkenean, ordea, atzera egin zuen Bruselak, eta airelineek ez dute eserlekuak libre utzi beharrik izango.

Birusa gorabehera, segurtasun eta osasun neurriak bermatuta, bezeroek bidaiatu ahal izango dutela nabarmendu du Lazkanok: "Martxoaren 10ean Vietnametik bueltatu nintzen, eta ordurako koronabirusak gogor jo zuen herrialde horretan. Bospasei aireportu pasatu nituen, eta kutsatzeak saihesteko kontrolak ezarri zituzten horietan". Lazkano jendeak duen "desinformazioak" beldurtzen du, ordea: "Komunikabideetan sekulako gerra eman dute gai honekin, eta jendeak uste du ez dutela bidaiatzen utziko. Askok uste dute hemengo hondartzak ere ez direla irekiko". Egoera horren aurrean, Lazkanok azaldu du agentzian lanean izango direla jendearen zalantzak eta kezkak argitzeko, eta herrialdeen neurriei so egongo direla, bidaiak egungo egoerara ahalik eta ondoen egokitu ahal ditzaten.

 

Ostalariak, esperantza galdu gabe

2017an ireki zituen ateak Otola ostatuak, eta ordutik, Euskal Herriko nahiz nazioarteko bidaiari askoren teilatupea izan da gunea denboraldi batez. Koronabirusak goi-denboraldi bete-betean harrapatu du Jose Manuel Hernandez (Donostia, 1972) Otola ostatuko jabeetako bat, eta eskuartean zituzten erreserbak eta planak aldatu egin behar izan dituzte: "Aste Santua eta maiatzeko zubiko egunak beteta genituen, eta bertan behera utzi behar izan ditugu erreserbak", azaldu du Hernandezek.

Ostatuek dagoeneko irekitzeko baimena duten arren, Hernandezek dio ez duela "zentzurik" gaur-gaurkoz ostatua irekitzeak: "Gipuzkoan soilik mugitu gaitezke, eta gipuzkoarrak ez dira Gipuzkoako beste leku batera etorriko gaua pasatzera". Hala ere, "baikorra" dela dio donostiarrak, eta alarma egoera bukatzearekin batera, egoera normaltzen joango dela uste du. Ekainean erreserbarik ez duten arren, uztailean eta abuztuan zituzten erreserbak ez ziren bertan behera gelditu, eta gainera, erreserba berriak jasotzen ari dira hilabete horietarako.

Datozen hilabeteak oso garrantzitsuak izango dira Otola ostatuko jabeentzat, urtean lanik gehien izaten duten denboraldia baita uda: "Apiriletik azarora bitartean izan ohi dugu lanik gehien normalean, eta kanpotarrek, udan ez ezik, gainontzeko hilabeteetan ere asko bidaiatzen dute". Hain zuzen ere, jasotzen duten bidaiarien %60 gutxi gorabehera kanpotarra izan ohi dela dio Hernandezek, eta %40 Euskal Herrikoa zein Espainiako Estatukoa. Hori dela eta, aurten aldaketa espero dute Otola ostatuan, nahiz eta Europak mugak irekiko dituela esateak ostatuko jabeak apur bat lasaitu dituen: "Europako herrialdeen mugak irekitzea guretzat oso albiste ona da, lanean hasteko aukera emango baitigu horrek. Halere, aurten, Espainiako Estatuko jende gehiago espero dugu ostatuan".

Ostatu txikia da Otola, bakarkako zortzi gela ditu, eta bezeroek gosaltzeko erabiltzen duten gunea zein terraza dira pentsioko leku komunak. Hori dela eta, osasuna eta segurtasuna bermatzea nahiz bezeroen arteko distantziak mantentzea ez da beste hainbat lekutan bezain zaila, Hernandezek azaldu duenez. Hala eta guztiz ere, koronabirusaz ez kutsatzeko neurriak "zorrotz" beteko dituztela aitortu du hark: "Ozono makinak erabiltzen ikasteko eta gelak behar bezala desinfektatzeko ikastaro bat egin dugu".

Neurriak hartuta eta itxaropena galdu gabe, Otola ostatukoak koronabirusaren hedapenari eta erakundeen neurriei so daude, bisitariei arreta ahalik eta egokiena eskaintzeko. Ostatuan jasotako bisitak azken bi urtean "asko" hazi direla dio Hernandezek: "Ignaziotar Bidea martxan jarri zutenetik jende asko etorri da ostatura, Azpeitian hasten baita bidea, eta horrek estatubatuar asko erakarri ditu". Horrez gain, Azpeitia "leku estrategikoan" dagoela dio Hernandezek, eta jende askok Donostia eta Bilbo artean dagoelako aukeratzen duela beren ostatua. Aurtengo udan iazko bisitak gainditzea lan nekeza izango duten arren, Hernandezek dio aurreikuspenak "hain txarrak ez izatea" espero dutela, eta kontuak kontu bisitariek irekita izango dituztela Otolako ateak.

 

Apartamentuak, ateak zabalik

Urtez urte, bidaiatzeko moduak ez ezik, bidaiarientzako ostatuak ere errotik aldatu dira, eta apartamentu turistikoak gero eta ohikoagoak dira egun. Gurutze Eizagirrek (Azpeitia, 1979) bere anaiaren etxeko erreserbak kudeatzen ditu, eta Booking zein Airbnb moduko plataformekin egiten dute lan. Alde Zaharrean dute pisua, eta urte osoan zehar Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat bidaiari jasotzen dituzte bertan.

Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenean, hainbat erreserba bertan behera utzi behar izan zituen Eizagirrek: "Bookingek eta Airbnbk hainbat erreserba ezeztatu zituzten, eta bezeroei dirua bueltatu zieten alarma egoera zela eta". Beste bezero batzuei, berriz, datak aldatzeko aukera eman zien azpeitiarrak, eta bezeroek horretarako arazorik ez zutela jarri dio.

Duela aste batzuetatik, ordea, erreserbak jasotzen hasi dira berriro; eskari gehienen atzean langileak daude. Eguneko erreserben prezioak eta baldintzak malgutu ere egin dituzte, eta erreserbaren bat bertan behera utziz gero, dirua bueltatzen diete bezeroei. Udara begira ere, jaso dituzte erreserba batzuk, uztailerako zein abuzturako. Lehendik ere bazituzten hilabete horietarako hainbat erreserba, eta horiek ez zituzten ezeztatu.

Kutsatzeak saihesteko neurriei dagokienez, Eizagirrek dio "bestela ere" garbiketa sakona egiten dutela etxean, bezero batek etxea uzten duenetik hurrengo erreserbara bitartean. Halere, hainbat neurri berri hartu dituzte kontaktua saihesteko: "Check-ina egiteko aplikazio bat jarri dugu, eta jada ez dut bezeroengana harrera egitera joan beharrik izango. Sarraila adimentsu bat ere jarri dugu". Bestalde, beren etxea alokatu nahi duten osasun langileentzat ere prezio berezia jarri dute, eta horiek etxea erabilitakoan protokolo zorrotzagoa bete behar dute hurrengo bezeroa datorrenerako.

Turismo alorreko gainontzeko langile askoren moduan, Eizagirre ere koronabirusaren hedapenaren bilakaerari so dago, baita Europako Batzordeak eta herrialdeetako agintariek hartzen dituzten erabakien zain ere. Den den, aurten, Euskal Herriko eta Espainiako turistak espero dituzte gehienbat: "Alarma egoerak dirauen bitartean hona etortzen denak hamabost eguneko berrogeialdia egin behar du, eta nazioarteko turistak ez dira horretara etorriko. Autoan etorri eta lasai ibiliko den jendea espero dugu uda honetan".

Halere, nazioarteko erreserbak ere gustura hartuko dituztela dio azpeitiarrak, eta adierazi du kanpoko "jende askok" erreserbatu ohi dutela beren etxea: "Aurreko urtean Jamaikatik etorri zen familia bat. Frantsesak eta britainiarrak ere etortzen dira". Langileak ere "gustura" hartzen dituztela dio, urtean zehar horiek baitira erreserba gehientsuenak egiten dituztenak. Joaten dena joaten dela, Eizagirrek dio erreserbak ezeztatzeko politikak malgutu dituztela aurtengo udarako, bai baitakite alarma egoera dela-eta egoera nahasgarria dela.

 

Ezkondu nahi eta ezin

Uxoa Ibarreta (Azpeitia, 1993) eta Raul Aguirre (San Francisco del Oro, Mexiko, 1984) uda honetan ziren ezkontzekoak. Ez zen nolanahikoa prestatuta zuten festa: uztailaren 18an Azpeitian zuten zeremonia, eta abuztuaren 15ean eta 16an Mexikoko Chihuahua hirian bigarren festa. Duela bi urte jakinarazi zieten ingurukoei ezkontzekoak zirela, batera edo bestera joan nahi zuenak planak egiteko nahikoa denbora izan zezan. Bikotearen gertuko hainbatek hartuta zituzten hegaldiak eta ostatuak; COVID-19 gaitzak eraginda, ordea, bertan behera gelditu dira asmo guztiak.

Koronabirusa hedatzen hasi zenean, bikoteak ez zuen pentsatu ezkontza ezingo zenik egin. "Ez genuen pentsatzen hainbeste luzatuko zenik kontua. Hasieran, erreserba eginda genuen jatetxera deitu genuen, eta ez zekiten zer gertatuko zen. Dena den, esperantzari eutsi genion, baina gero ikusi genuen kontua ez zihoala ondo eta neurriak gogortzen ari zirela. Apirilaren erdian, jatetxekoek beltz ikusten zuten kontua". Orduan hasi ziren ohartzen Euskal Herriko ospakizuna egiteko zailtasunak izan zitzaketela.

Antzekoa gertatu zen Mexikoko festarekin ere. "Gurekin batera konfinatu ziren Chihuahuako zonaldean, gutxi gorabehera. Egun, hemen baino kasu gutxiago daude han, baina han ere ez digute ezkontza egin daitekeenik ziurtatu". Gainera, bi herrialdeetako jendea nahastuko litzateke Azpeitiko nahiz Mexikoko ezkontzetan, eta horrek ez du kontua errazten. "Ez dakite mugak noiz irekiko dituzten eta beste herrialde batera joatean zer baldintza bete beharko diren. Gainera, ezkontzaren ostean, gonbidatuek ezingo lukete gero egitea pentsatuta zuten bidaia gauzatu. Euskal Herrira zetoztenek gero Paris eta Erroma bisitatzeko asmoa zuten, eta Mexikora joaten zirenek, Cancun eta beste gune batzuk". Hori horrela, hartu nahi ez zuten erabakia hartu behar izan dute Ibarretak eta Aguirrek: bi ezkontzak atzeratzea.

Bi hilabetez ezjakintasuna izan da nagusi bikotearen egunerokoan. "Egoera zaila izan da. Izan ere, guk pentsatzen genuen hainbeste denboran zain egon garen data bat iristen ari zela eta gozatzeko momentua zela. Baina barruan sekulako kezka sentipena izan dugu; jendeak ezkontzaz galdetzen zigun, eta guk ez genekien zer esan. Horrek tristura eragiten du. Pertsona pila bat ezkontza horren zain daudela eta haiei zerbait esan behar diezula jakitea... Pare bat hilabete kezkatuta eta triste eman ditugu. Dena den, erabakia hartu dugunean, sekulako lasaitasuna sentitu dugu".

Mexikotik Euskal Herrira 30 bat lagun ziren etortzekoak, eta hemendik hara beste 20-30 bat lagun joatekoak. "Ikusi beharko dugu hegaldi horiekin zer gertatzen den; hori da beste kezka bat. Jendeak gugatik hartu du bidaia, sekulako ilusioarekin, eta ezingo da ezkontza gauzatu. Baina guk ezin dugu ezer egin".

Egoerak hala behartuta, hurrengo urtera atzeratu ditu bikoteak bi zeremoniak. "Ezkontzaren aurretik, bikotean eta lagunekin gozatzea nahi genuen, eta horretarako aukerarik ez dugu eduki, etxean konfinatuta egon garelako. Orain, ezkontza egin ahalko bagenu, dena presaka egin beharko genuke, disfrutatu gabe, eta hori ez genuen nahi. Hurrengo urtean, espero dugu etapa denak behar bezala disfrutatu ahalko ditugula. Ea hurrengo urtean ez den beste horrelako ezustekorik izaten".

Arlo ekonomikoari dagokionez, zortea izan dutela sentitzen dute. "Elizarekin, jatetxeekin, argazkilariekin, musikariekin... hitz egin dugu, eta denek eman digute aukera hitzorduak datorren urtera atzeratzeko. Beraz, fidantza gisa jarrita genuen dirua ez dugu galdu".

Hiru urte zain egon eta gero, aspaldian gehien itxarondako ezkontza izango da Ibarretak eta Aguirrek datorren urtean gauzatuko dutena. "Sekulakoa" izango dela imajinatzen dute. "Aurtengo ezkontza izugarri polita izango zela imajinatzen genuen, kultura batuketa izango zelako, bi familiak lehen aldiz egongo zirelako elkarrekin, bion lagunak elkartuko zirelako... Hurrengo urtean, oraindik eta festa handiagoa izango da. Denok antsia handiagoarekin egongo gara".