Nogen taldearen Sanagustineko kontzertua, irudietan

Uztarria.eus 2020ko eka. 15a, 13:01

Naiz Kontzertuak egitasmoaren barruan, Nogen Donostiako boskoteak kontzertua eskaini zuen ostiralean, hilak 12, Sanagustin kulturgunean. Hainbat pertsonak zuzenean nahiz sarean kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten, ezohiko moduan gainera; izan ere, kulturgunearen erdigunean jarri zuten agertokia donostiarrek, eta ikusleek gertutik ikusi ahal izan zuten kontzertua. Nogenentzat ere kontzertu berezia izan zen, Mila aldiz single berria aurkeztu baitzuten bertan.

Koronabirusaren krisiak kaltetutako musika taldeei laguntza ekonomikoa emateko, euskal musikaren industria babesteko zein horrek kulturari egiten dion ekarpenari balioa emateko jarri du martxan Naiz.info-k Naiz Kontzertuak egitasmoa. Gatiburen kontzertua izan zen duela bi aste Sanagustinen, eta Zetak taldeak ekainaren 19an leku berean emango du kontzertua.

Zetak taldearen kontzerturako sarreren zozketa ere egingo du Kulturazek; Kultur Bonoa duten herritarrek parte hartu ahal izango dute zozketa horietan ere. Dena den, kontzertuetako baterako sarrerak eskuratzen dituzten herritarrek ezingo dute hurrengoetarako zozketetan parte hartu.

Kontzertuak streaming-ez

Kontzertuak etxetik ikusteko sarrerak Naiz-eko harpideek ere eskura ditzakete dagoeneko 2,5 euroren trukean. Naiz-eko harpide ez diren herritarrek bost euro ordaindu beharko dute emanaldi bakoitzerako sarrera –hamar euroko elkartasun bonoa ere izango da–.

Kontzertuetako sarreretatik eskuratutako dirua taldeei eta kontzertu aretoei ekonomikoki laguntzeko baliatuko du Naiz-ek; izan ere, alarma egoeran eta konfinamenduan beren jarduna gelditu behar izan dute horiek. Gainera, ekarpen ekonomikoa tarteko kalitatezko ikus-entzunezko produktuak kaleratu ahal izango dituela azaldu du Naiz-ek; Fokuk eta Taom-ek ekoitziko dituzte emanaldiak.

(Argazkiak: Alberto Beloki/Kulturaz)