Julen Belamuno: "Ipuinekin hasi nintzen, eta horiekin jarraitu dut"

Uztarria.eus 2020ko eka. 9a, 13:02
Julen Belamuno, bere azken liburua eskuetan duela. (Jaizki Fontaneda-Foku)

Hotz industriala (Susa) ipuin bilduma plazaratu berri du Julen Belamunok (Azpeitia, 1959). Liburuari izena ematen dion ipuinak eta beste lau kontakizunek (Desagertuaren oroi-grina, Belarriko gaitza, Amaren errautsak eta Ahaztutako pintoreak) osatzen dute bilduma. Hirugarren liburua du Belamunok, Ukabilak eta loreak (2015, ipuinak) eta Gaueko zaintzailearen (2016, eleberria) ondotik.

Bost ipuin jaso dituzu Hotz industriala liburuan. Aukeraketaz hitz egin zenuen aurkezpenean. Askoren artetik egin al duzu aukeraketa hori?

Bi aukeraketa egoten dira hor, lehena norberak egiten duena ipuinak argitaletxeari aurkeztu aurretik, eta bestea editoreekin batera bigarren galbahean pasatuta egiten dena. Nire kasuan behintzat horrela izaten da. Ipuin batzuk luze samarrak direnez, bostekoa ikusten nuen nik neurri egokia. Zortzi aurkeztu nizkien Susakoei, eta gero denon artean erabaki genuen zein sartu eta zein ez.

Ipuin liburua baino bilduma dela diozu, ipuinak batzen dituen leitmotivik ez dagoelako, baina bai errepikatzen diren konstanteak. Azalduko al zenituzke?

Bai. Ez da liburu tematiko bat, batzuetan ipuin liburuak izan ohi diren bezala. Ipuinak ez genituen aukeratu liburuari nolabaiteko koherentzia bat emateko, onenak edo argitaratzeko egokienak iruditu zitzaizkigulako baizik. Gerora konturatzen zara badaudela ipuin batzuetan errepikatzen diren kontu batzuk, baina hori, nire kasuan behintzat, ez da aurrez pentsatutako zerbait izaten.

Pare bat ipuinetako pertsonaiek, esate baterako, beren nortasuna zama bezala bizi dutela esango nuke, eta beste bat izateko gogoa sentitzen dutela, izenarekin batera izana ere aldatzekoa. Aurreko guztiarekin hautsi, eta beste norbait izatea aukeratzen dute. Beste bat izate hori edo izan nahi hori beste modu batera agertzen da beste bi ipuinetan. Horietan ez dago nortasun aldaketarik, baina bai pertsonaiaren ispilu modukoa den norbait, bere buruaren erreplika edo horrelako zerbait. Eldarnioa edo haluzinazio giroa ere agertzen dira beste bi kontakizunetan, baina ez dago gai bakar bat kontakizun guztiak biltzen dituena.

Zure hirugarren liburua da hau, eta bigarren ipuin bilduma. Ukabilak eta loreakeko ipuinekin parekotasunik ba al dute orain argitaratu dituzunek?

Ez dakit ba zer esan. Ipuinak idatzi eta handik urte batzuetara konturatzen zara badaudela halako ezaugarri batzuk ipuin batzuetan errepikatzen direnak. Alde batetik, esango nuke pertsonaia izaten dela kontakizunaren ardatza, eta pertsonaia hori ez dela izaten gizartean kale nagusitik ibiltzen den horietakoa. Iraganaren itzulera ere behin baino gehiagotan gertatzen da; hogei edo hogeita hamar urte lehenago gertatutakoak bueltatzen dira. Idazkeraren aldetik, berriz, deskribapenerako joera daukadala esaten didate, xehetasunei erreparatzen diedala eta gertaerak erritmo pausatuan kontatzen ditudala.

2015ean ipuin liburua eta 2016an Gaueko zaintzailea eleberria argitaratu zenituen. Orain, ipuinetara itzuli zara. Zergatik?

Nik gehienbat ipuinak idatzi izan ditut. Ipuinekin hasi nintzen, eta horiekin jarraitu dut. Gaueko zaintzailea eleberri etiketarekin atera zen kalera, eta neurriz hala izango da, baina kontakizun hori ere pertsonaia bakarrekoa da eta oso gertaera gutxi kontatzen dituena. Kontakizun luzea dela esango nuke eleberri baino gehiago. Baina gaur egun eleberria oso zaku zabala da, nonbait, ia edozer sartzeko modukoa.

Noiz idatzitakoak dira liburuan jaso dituzun errelatoak?

2016tik 2019ra bitartean idatzitakoak dira denak.

Liburu berri bat argitaratzea buruan zenuela idatzitakoak al dira, ala bestela?

Ez. Nik kontakizun bat idazten dudanean ez dut holakorik izaten buruan, ezta argitaratuko denik ere. Gero, mordoxka bat daukazula konturatzen zarenean, orduan hasten zara pentsatzen eta aukera egiten.

Aurreneko bi liburuak Elkar argitaletxearekin plazaratu zenituen, eta hirugarren hau Susarekin. Zergatik aldaketa?

Hasieran Elkarrekoei bidali nizkien ipuinak, baina haiek beste proposamen bat egin zidaten: Ahaztutako pintoreak izenekoa nobela labur moduan argitaratzea. Orain liburuan atera den baino luzexeagoa zen, baina, hala ere, ez zait iruditzen eleberria denik. Nahiago nuen kontakizun hori beste hiru edo laurekin batera ateratzea, eta Susakoei planteatu nienean ondo iruditu zitzaien. Elkarrekoekin eta Susakoekin, bietakoekin izan dut harreman ona, oso gertukoa. Oso gustura nago alde horretatik.

Noiz bukatu zenuen Hotz industriala? Alegia, koronabirusaren geldialdiak izan al du eraginik orain argitaratzeko eta ez lehenago?

Liburuko ipuinak 2019ko udaberrirako bukatuta zeuden, eta Susakoek 2020ko martxoan edo apirilean argitaratzeko zeukaten programatuta, baina birusak bete-betean harrapatu gintuen. Horregatik atera da maiatzaren bukaeran, eta horregatik egin behar izan dugu aurkezpen telematikoa.

Ipuin asko gelditu al zaizkizu tiraderan? Berririk bai, liburua bukatu geroztik?

Bai, ipuin batzuk baditut ordenagailuko karpetetan gordeta, baina seguru asko gehienak hor geratuko dira, honegatik edo horregatik argitaratzeko modukoak iruditzen ez zaizkidalako. Liburu honetako testuak erabaki ondoren ere idatzi ditut pare bat, baina hemendik urte batzuetara ikusiko dut zer egin. Berriz ere ipuin-sorta bat egiteko modua ikusten dudanean hasiko naiz pentsatzen.

Eleberriari berriro eusteko asmorik ba al duzu?

Bai. Gauza luzeagoekin ere aritu naiz, baina oraingoz behintzat erdibidean geratu zaizkit, edo hor dauzkat beste bultzada baten zain. Baten bat aurrera aterako dela iruditzen zait, baina ez dakit. Ideiak baditut, baina asmatu egin behar horrelako lan bat taxutzen.

Jose Mari Segurola izenarekin zenbait ipuin lehiaketa irabazi ostean argitaratu zenuen lehen liburua. Julen Belamuno ezizena aukeratu zenuen horretarako. Zergatik Julen Belamuno?

Ignacio Aldecoa sarikoak nire izen-abizen ofizialekin argitaratu zituzten. Ipuin lehiaketara nortasun agiriaren fotokopia bidali behar zen, eta horrela atera ziren. Baina niri neure izena, Joxe Mari, ez zait sekula gustatu, eta gainera nire lehen liburua kaleratu zenerako bazebilen beste segurolatar bat liburuak eta artikuluak argitaratzen. Ezizenarekin sinatzea erabaki nuen, edo, ingelesek esaten duten bezala, luma-izenarekin. Muno hitza beti gustatu izan zait, beleak ere bai, eta horrela asmatu nuen Belamuno, holako abizenik ez zegoela jakinda. Handik pare bat urtera-edo jakin nuen Bergara alde horretan badela Belamuno izeneko toki bat. Gure amama Balbina Bergarakoa zen, eta sorpresa atsegina izan zen.