Koronabirusa Azpeitian

Maitane Elorza: "Aniztasun ikaragarria dago hemen, eta hori oso aberasgarria iruditzen zait"

Uztarria.eus 2020ko eka. 8a, 13:55
Maitane Elorza bere alaba Zuharerekin.

2006an joan zen Maitane Elorza (Azpeitia, 1977) AEBtara, eta bertan hiruzpalau urte pasatu nahi bazituen ere, ia hamabost daramatza. Santa Rosan (Kalifornia, AEB) bizi da bere familiarekin egun, eta batxilergoko irakaslea da hango institutu batean. Bere bizitzaren nondik norakoez ez ezik, AEBtan azken hilabeteetan bizi duten egoeraz ere aritu da hizketan azpeitiarra.

Duela hamabost urte inguru erabaki zenuen AEBtara joatea. Zerk bultzatu zintuen erabaki hori hartzera?

2006ko irailean iritsi nitzen AEBtara. Nire senarra Filipinetan jaio zen, baina txikia zela AEBtara bizitzera etorri zen familiarekin. Bera ezagutu eta gero etorri nintzen ni AEBetara. Santa Rosan, San Frantziskotik ordubetera dagoen hiri batean, bizi gara gure seme-alabekin: Aresti (6) eta Zuhare (4). Sonoma Academy izeneko eskola batean egiten dut lan batxilergoko ikasleekin. Oso gustura bizi naiz hemen. Zorte handia dut, lan egiten dudan eskola oso eskola berezia delako; ikasleen eta irakasleon artean oso harreman estua dugu, eta gunero lanera gustura joatea oparia da. 

Urte guzti hauetan hainbat abentura biziko zenuen. Zertan aldatu da Maitane?

Gauza asko ikasi ditut urte hauetan, eta jende desberdin askorekin hartuemana izateko aukera izan dut. Aniztasun ikaragarria dago hemen, eta hori oso aberasgarria iruditzen zait. Kanpoan bizi zarenean, "desberdina" dena ezagutzera gehiago irekitzen zara nire ustez.

AEBtan bi milioi koronabirus kasu zenbatu dituzte. Zein da Kaliforniako egoera uneotan?

Kalifornian COVID-19a nahiko kontrolpean egon da. Gu bizi garen konterria (Sonoma County) Gipuzkoa baino pixka bat txikiagoa da, eta koronabirusaz lau pertsona hil dira bertan. Ospitaleetan ez da jende askorik egon. Hemen AEBtako beste estatuetan baino lehenago hasi ginen neurriak hartzen, eta jendeak zuzen bete ditu horiek. Oraindik ere maskararekin joan behar izaten dugu dendetara. Hasi dira pixkanaka saltokiak-eta irekitzen.

Irakaslea izanik, nola daramazu klaseak online eman beharra?

COVID-19 dela eta, etxetik eman ditut klaseak azken hilabeteotan. Zoom plataforma erabiliz, ikasleekin aurrez aurre egon naiz egunero. Pantailaren beste aldetik bada ere, zuzeneko harreman hori mantentzea ezinbestekoa izan da ikasleak motibatuta eta gustura ikusteko. Erronkarik handiena lan hori guztia neure bi umeak etxean ditudala egitea izan da. Ez da erraza izan umeak etxean entretenitu ahal izatea eta nik egun erdia ordenagailuaren aurrean klaseak ematen jardutea.

George Floyden hilketak ere sekulako zalaparta eragin du AEBtan. Santa Rosan egon al da manifestaziorik?

Egun hauetan, kalean mugimendu handia dago George Floyden hilketa dela eta. Kalifornia iparraldea oso liberala da AEBtako beste lurraldeekin alderatuz gero. Hemen jendea oso erreta dago gobernu honek baimendu eta bideratu dituen bidegabekeria eta basakeria guztiekin, eta Donald Trump boterera iritsi zenetik inoiz baino protesta gehiago egiten dira. Santa Rosan manifestazio asko egin dira. 2013an, gezurretako pistola batekin kalean jolasean zebilen 13 urteko mutil latino bat hil zuen poliziak; zauri horrek oraindik oso bizirik dirau hemen, eta egun hauetan jende asko atera da kalera poliziaren aurkako aldarrikapenak egitera. 

AEBtan bizi diren euskal jatorriko herritar gehienak Kalifornian bizi dira. Nolakoa da Kaliforniako euskal komunitatea?

Gure inguruan oso euskaldun gutxi dago. San Frantziskon askoz gehiago, noski. Hango Euskal Etxean frontoia eta guzti dago, eta Gabon inguruan bazkari handi bat egiten dute bertan urtero. Gure ondoko herri batean ekainean egiten den euskal piknik-ean ere izana naiz. Normalean, Kaliforniara oso gaztetan etorritako jende heldua biltzen da bertan; gehienak Ipar Euskal Herrikoak eta Nafarroakoak izaten dira. 

Herriminik sentitu al duzu urte hauetan guztietan?

Herrimina beti izaten da. 14 urte denbora luzea da. Hona iritsi nintzenean hiruzpalau urte pasatzeko asmoa nuen, baina hemen oso gustura nago. Oso lan ona daukat, paraje ederrean bizi gara eta klima oso atsegina daukagu.

2008. urtean Uztarriak egindako elkarrizketan esan zenuen "egun osoan euskaraz aritu ahal izatea" sumatzen zenuela faltan. Oraindik ere bai?

Umeekin euskaraz ahalik eta gehien egiten saiatzen naiz; izan ere, ingelesez erantzuten naute beti. Ulertu dena ulertzen dute, baina hitz egin gutxi. Uda garaian, Euskal Herrira joaten garenean, asko soltatzen dira euskaraz. Aiton-amonekin eta lehengusuekin pasatzen dute egun osoa, eta asko ikasten dute. Gainera, urtero joaten gara uda pasatzera Azpeitira. Aurten COVID-19 dela eta, bidaia bertan behara utzi behar izan dugu, eta pena handiz gaude familia ikusteko aukerarik ez dugulako izango. Halara ere, teknologiari esker, astean bizpahiru aldiz egoten gara Skypetik, eta horrek asko laguntzen du.