Koronabirusa Azpeitian

Eudelek bigarrenez ez ditu onartu kultura eta aisialdiko jardueretako irizpideak

Berria 2020ko mai. 15a, 12:52
Azpeitia goitik. (Alex Berasategi)

Udalen elkartearentzat, ez da aski izan Jaurlaritzak egokitutako txostena. Aholku batzuk besterik ez dituzte jo ontzat; udalekurik ez da izango. Atzo egin zuten bilera, eta bertan parte hartu zuen Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak; izan ere, Eudeleko presidenteordea da. Berria egunkariak atzoko bileraren gaineko xehetasunak eman ditu.

Eudel EAEko udalen elkarteak bigarrenez ez du onartu Eusko Jaurlaritzak kultura, festa eta aisialdiko ekinbideen irizpideez prestatutako dokumentua, oraindik ere iritzi baitio osasun berme handiagoa beharko litzatekeela igerilekuak eta bestelako azpiegiturak irekitzeko edota hainbat jarduera egiteko. Eudelek atzo goizean egin zuen Jaurlaritzak asteon egokitu duen txostena aztertzeko bilera telematikoa; alkateek berriro esan dute azkeneko erabakiaren erantzukizuna ez dela eurengan utzi behar; partekatu egin nahi dute erabakia. Oinarrizko aholku gutxi batzuk baino ez dituzte jo ontzat; kasurako, udalekurik ez egitea.

Jaurlaritzak atzo zortzi zeukan dokumentua onartzeko asmoa, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak Eudeleko presidentearekin, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin, hiriburuetako alkateekin eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzarekin Lehendakaritzan egindako bileran, baina Eudelek esan zuen ezin zuela onartu egun bereko goizean egin zuen zuzendaritzako batzarra, eta Osasun Sailaren txosten bat eskatu zuen. Jaurlaritzak asteartean helarazi zion; aurrekoa baino zehatzagoa da, baina ez da aski izan. Atzoko bileran, EH Bilduko eta PSE-EEko alkateak ez ziren onartzearen alde azaldu, eta EAJko alkate batzuek ere ez zuten aldeko jarrera erakutsi. Hain zuzen, EAJko zortzi alkate, EH Bilduko bost eta PSEko bi daude zuzendaritzan; Gorka Urtaran (EAJ) Gasteizko alkatea da presidentea, eta Jose Antonio Santano (PSE-EE) Irungo eta Nagore Alkorta (EH Bildu) Azpeitiko alkateak presidenteordeak.

Jarraitu albistea irakurtzen Berria.eus-en.