Fidel Horrillok irabazi du #NireGailurrak lehiaketa, Nepalen ateratako argazkiarekin

Uztarria.eus | Kirolak
2020ko mai. 12a, 13:09

Guztira, 121 argazki aurkeztu dituzte Lagun Onak mendi bazkunak konfinamendu garaian antolatutako #NireGailurrak lehiaketara. Horrillok Nepalen ateratako Kalapathar argazkia izan da boto gehien jaso dituena. Borja Eizagirrek Ordesan ateratako Munduari begira menditik argazkia sailkatu da bigarren, eta Borja Paredesek Nepalen ateratako Ama Dablam argazkia hirugarren. 

'Kalapathar', #NireGailurrak lehiaketako argazki irabazlea. (Fidel Horrillo)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Fidel Horrillok irabazi du Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako #NireGailurrak lehiaketa, Kalapathar argazkiarekin. Horrillok aurkeztutako argazkiak jaso ditu boto gehien –214 boz– eta hark irabazi du sariketa. Irabazleak 60 euro eta Lagun Onak mendi bazkunaren elkarteko tabernan edo Xoxoteko aterpetxean bi lagunentzako bazkaria edo afaria irabazi ditu. 

Bigarren sailkatu da Borja Eizagirre, Ordesan ateratako Munduari begira menditik argazkiarekin. Eizagirreren irudiak 179 boto jaso ditu. Borja Paredesek Nepalen ateratako Ama Dablam argazkia izan da hirugarren bozkatuena, 168 botorekin. 

Konfinamendu garaian jarri zuen martxan #NireGailurrak lehiaketa Lagun Onak mendi bazkunak, eta joan zen igandean amaitu zen. Antolatzaileek balorazio "oso positiboa" egin dute: "Ekimena konfinamenduaren testuinguruan jarri zuen martxan, ezohikoz egoera honetan entretenimendu pixka bat jartzeko, eta jendearen erantzuna sekulakoa izan da". Guztira 121 argazki aurkeztu dira lehiaketara eta, ondoren, bozketa fasean, 1.779 boto jaso dira. Eskerrak eman nahi dizkiegu lehiaketan zein bozketan parte hartzera animatu diren herritar guztiei".

Parte hartu duten pertsona guztien artean beste otordu bat zozkatuko du Lagun Onak MBk datozen egunetan, eta mendizale elkartearen taldearen sare sozialetan iragarriko dute zein den irabazlea. 

Facebook, boza emateko erabiliena

Apirilaren 26an amaitu zen lehiaketara argazkiak aurkezteko epea, eta, ondoren, apirilaren 28aren eta maiatzaren 10aren artean argazkiei botoa emateko aukera izan dute herritarrek. Igandeko 18:00etan itxi zen bozak emateko epea, eta ondoren egin zuen kontaketa Lagun Onak MBk. Botoa emateko hiru aukera zeuden: Instagram-en, web orrian eta Facebook-en, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, azken sare sozial hori izan da herritarrek botoa emateko gehien erabili dutena. "Facebook-en, lehiaketara aurkeztutako argazkiek jasotako Atsegin dut kopurua boto bat zen, eta guztira 1.422 erreakzio jaso dira. Instagramen, aldiz, iruzkinen bitartez eman dute boza, eta 183 boto zenbatu ditugu. Web orriaren bitartez beste 174 boto jaso dira".

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu