Koronabirusa Azpeitian

Langabezia tasa puntu bat igo da urtearen hasieratik

Uztarria.eus 2020ko mai. 8a, 18:46
Lanbidek Azpeitian duen bulegoaren kanpoaldea.

Apirileko langabezia datuak jakinarazi ditu Lanbidek, eta %9,4 da Azpeitiko langabezia tasa. Koronabirusaren osasun krisiak eragina izan du igoeran; izan ere, urtarriletik puntu bat igo da tasaren ehunekoa (%8,4 zen ordan). Iazko apirileko datuekin alderatuz gero, 1,6 puntu igo da langabezia tasa herrian.

Koronabirusaren osasun krisia ekonomian ere ari da eragina izaten; izan ere, azken bi hilabeteetan asko izan dira lanean aldaketak jasan dituzten nahiz langabezian gelditu diren herritarrak. Lanbidek dagoeneko kaleratu ditu apirileko langabezia datuak, eta eskualdeko ia herri guztietan izan du eragina COVID-19 gaitzak eragindako krisiak, baita Azpeitian ere.

2019ko datuekin alderatuz gero, bi puntu baino gutxiago hazi da langabezia tasa herrian: 1,6 puntu, hain zuzen ere. 683 dira gaur egun langabezian diren azpeitiarrak (%9,4) eta 551 ziren iazko apirilean (%7,8). Urtarrilean, berriz, %8,4 zen Azpeitiko langabezia tasa (607 langabe), eta beraz, puntu bat igo da tasa urtarriletik apirilera bitartean. Gaur egun lanik gabe diren herritarretatik 300 dira gizonak (%7,7), eta 383 emakumeak (%11,5).

Adin tarteari dagokionez ere, badira aldeak: 25 urtetik beherako langabetuak 31 gizon eta 28 emakume dira; 25 eta 44 urte bitartekoak, 146 gizon eta 185 emakume; eta 45 urtetik gorakoak, 123 gizon eta 170 emakume. Gazteen adin tartean gutxiago dira emakume langabeak, baina beste bi tarteetan emakumeen kopurua gizonen baino handiagoa da. Bestalde, gaur egun langabezian diren herritarrak lanik gabe gelditu aurretik zer eremutan aritzen ziren lanean ere zehaztu du Lanbidek, eta honako hauek dira datuak: 41 nekazaritzan, 146 industrian, 34 eraikuntzan, 363 zerbitzuetan eta 99 lehendik zeuden lanik gabe.

Datu gehiago

Aizarnazabal da Urola Kostan langabezia tasarik handiena duen herria, baita azken bi hilabeteetan igoera handiena izan duena ere. Lanbidek emandako datuen arabera, apirilean %13,4 zen hango tasa, eta eskualdean ez da apirilean %10eko muga gainditu duen beste herririk. Urtarrileko datuekin alderatuta, 3,8 puntu hazi da langabezia tasa, eta iazko apirileko datuekin konparatuz gero, berriz, hiru puntu. Aizarnazabalen ostean, Orio, Getaria eta Zarautz dira hurrenez hurren langabezia tasaren igoera nabarmenena jasan duten herriak. Izan ere, 2019ko apirileko datuak eta aurtengo apirilekoak parez pare jarrita, Orion 2,9 puntu hazi da tasa (%9,8), Getarian 2,4 puntu (%7,7) eta Zarautzen 2,1 puntu (%9,1).

Langabezia tasa gutxien igo den herrien artean daude Zestoa eta Azkoitia: bi herri horietan %0,8 egin du gora langabetu kopuruak. Dena den, Azkoitiko langabezia tasa (%9,5) eskualdeko hirugarren handiena da –Aizarnazabalek eta Oriok dute langabezia tasa altuena–. 2019ko apirilean %8,7 zen langabetuen kopurua Azkoitian, eta aurtengo urtarrilean %8; beraz, urtarriletik apirilera 1,5 igo da tasa. Zestoan ere igoera izan du langabeen kopuruak apirilean: %9ra iritsi da langabetu kopurua. Aurreko hilabeteetan %8aren bueltan ibili izan da Zestoako langabezia tasa, baina koronabirusak eragin du herri horretan ere. Zumaiako datuak ere ez dira onak, baina 2019ko datuekin alderatuz gero, bi puntu baino gutxiago hazi da langabezia tasa: 1,7 puntu. Zumaiako langabezia tasa %8,9 izan da apirilean, eta %7,2 zen iazko hil berean –431 pertsona daude orain lanik gabe Zumaian–. 1,7 puntuko igoera izan du urtebetean langabezia tasak, eta aurtengo urtarrila eta apirila alderatuta, 1,3 puntukoa.

Herri txikiagoetako errealitatea ere aipatzekoa da; izan ere, Aiako (%6,5), Beizamako (%6,8) eta Errezilgo (%6) langabezia tasak dira txikienak, eta langabetu kopuruan ere ez da aldaketa handirik izan. Are gehiago, Beizaman eta Errezilen jaitsi egin da langabezia tasa, 2019ko apirileko datuekin alderatuz gero: joan zen apirilean 19 lagun ziren langabezian Errezilen, eta 23 iazko apirilean; aldiz, Beizaman lau lagun ziren langabezian joan zen apirilean, eta 8 iazko hil berean. Aiaren kasua desberdina da; izan ere, tasak Urola Kostako txikienetarikoa izaten jarraitzen badu ere, igoera nabarmena izan da. Apirilean 1,2 puntu hazi da langabezia tasa 2019ko apirileko datuekin alderatuz gero: gaur egun, 68 lagun daude langabezian Aian. Urtarriletik apirilera, berriz, 1,5 puntu hazi da tasa.

Gipuzkoan ere igoera izan du langabezia tasak: 2019ko apirilean %8,7 zen lurralde horretako langabetu kopuruaren ehunekoa, eta bukatu berri den apirilean %10,6 izan da. Beraz, 1,9 puntu hazi da langabezia tasa urtebetean lurraldean. Igoera pixka bat handiagoa izan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasak; izan ere, 2019ko apirilean %10,8 zen tasa, eta joan berri den apirilekoa %12,9 izan da –2,1 puntuko igoera–. Apirileko datuei erreparatuz gero, bi tasa horien azpitik dago Azpeitikoa.