Koronabirusa Azpeitian

Aitor Zubeldia: "Australian, hasieratik erabaki onak hartu dituzte; Europan, berandu egin dira gauzak"

Uztarria.eus 2020ko api. 29a, 15:17

Gold Coasten dago Aitor Zubeldia (Azpeitia, 1993), Australian. Urrian joan zen hara, asmo jakinik gabe, han zer aurkituko. Egun smartphonak konpontzen dituen enpresa batean lan egiten du.  Beste hiru lagunekin bizi da, pisu batean. Koronabirusak ez du hainbeste aldatu haren bizitza: "Egia esan, bizitza normala egiten dut, parrandak kenduta".

Zer moduz zaude hor?

Ondo. Bero egiten du, eguraldi ederra... Egia esanda, nahikoa zorte izan dugu hemen; zuekin alderatuta, dezenteko luxuak ditugu. Ez dakit loteria tokatu zaidan, baina...

Euskal Herrian baino hobeto zaudete, beraz, Australian.

Hemen hasiera-hasieratik ondo kontrolatu zuten gaitza. Txinan abendu bukaeran agertu ziren lehen kasuak, eta ordurako hona iristen hasi ziren hango albisteak. Jendea kezkatzen hasi zen. Berehala, Txinatik iristen ziren pertsona guztiak berrogeialdian egotera behartu zituzten, eta Txinako kutsatu kopuruak igotzen hasi zirenean, handik zetozen hegaldi guziak moztu zituzten.

Aspaldi hasi ziren neurriak hartzen, beraz.

Urtarrilaren hasieran koronabirus kasu bat edo bi agertu ziren hemen, eta alarma pixka bat sortu zuen horrek. Gauza bat ondo egin zuten: azkar hasi ziren herrialdera iristen ziren denei testak egiten. Orain, nahiko ondo gaude. Queensland estatuan bizi naiz ni, eta azken egunean positibo berri bat azaldu da lurralde horretan –aurreko lau egunetan ez zen kasu positibo berririk agertu–. Gaur-gaurkoz, 94 kasu aktibo daude estatuan, eta pandemia hasi zenetik, sei pertsona hil dira. Australia barruan, ezin gara estatuen artean mugitu; lanerako soilik daude baimenduta estatuen arteko mugimenduak. Hemengo gauzarik onena da kirola egitera atera gaitezkeela, baita beharrezko gauzak erostera ere: supermerkatura joan gaitezke, denda batzuk ez dituzte itxi... Euskal Herriko eta hemengo kultura ezberdinak dira. Hemen, neurriak errespetatu egiten dituzte herritarrek: gobernuak esaten duen dena egiten dute. Esaten baldin badute metro eta erdiko distantzia utzi behar dela pertsona batetik bestera, utzi egiten dute. Gobernuak hartzen dituen erabakiak Euskal Herrian baino gehiago errespetatzen dituzte hemen.

Baina hor ere etxean konfinatuta zaudete, ezta?

Beno, konfinatuta ere ez gaude. Baina etxean egotera behartzen gaituzte, ez dagoelako tabernarik eta jatetxerik irekita; ez daukagu kalean ezer egiterik, orduan etxean geratzera bultzatzen gaituzte. Irteten baldin bagara, kirola edo erosketak egiteko izaten da. Polizia batek gelditzen bazaitu, erantzun egin behar diozu zertara atera zaren. Ez baduzu erantzuten edo zalantza pixka bat egiten baldin baduzu, 1.300 dolarreko isuna jartzen dizute. Hondartzak ere itxi egin zituzten duela lau aste: pasierara joateko edo surfa egiteko irekita daude, baina ezin duzu eguzkia hartzera joan. Hondartzara joan zaitezke, baina kirola egitera; bestela, ez.

Zu surf egitera joaten zara.

Bai, ia beti uretan egoten naiz. Kirola egiteko aukera horrek ematen digu askatasuna. Hemengo egoera eta horkoa oso ezberdinak dira: hor kutsatu pila bat daude. Australian egoera azkar kontrolatu zuten, nahiz eta Txinatik gertu gauden eta jende asko mugitzen den Txina eta Australia artean. Neurriak azkar hartu zituzten, eta horretan asmatu zuten. Txinako hegaldiak moztu eta hurrengo neurria zera izan zen: kanpotik etortzen ziren denak hamalau egun etxean konfinatuta egotera behartzen zituzten. Gero, bost pertsona baino gehiago elkarrekin egotea debekatu zuten; segidan, bi pertsona baino gehiago kaletik batera joatea galarazi zuten, eta bataren eta bestearen artean metro eta erdiko distantzia utzi behar zen... Hemen progresiboki joan dira neurriak hartzen, ez Espainian bezala; han, dena egun batetik bestera moztu zuten. 

Hala izan da. 

Hau dena hasi zenean, amarekin hitz egiten nuen, eta galdetzen nion koronabirusaz, baina hor ez zuten oraindik gai horretaz asko hitz egiten. Ni harrituta nengoen, Australian sortzen ari zena ikusita. Hemen ja sekulako mugimendua zegoen, jendea kezkatuta koronabirusagatik... Kalean jendea maskarekin ikusi nuenean, pentsatu nuen: "Bada zerbait". Nik uste dut Europan berandu egin direla gauzak. Hemen, hasieratik erabaki onak hartu dituzte.

Kirola egitera norbaitekin joan zaitezke?

Bi pertsona joan gaitezke elkarrekin, eta ez daukazu distantzia mantendu beharrik. Hiru ere joan gaitezke batera, gertuko lagun bat edo pisukideak baldin bagara. Izan ere, etxe batean lau lagunekin bizi baldin bazara, kalera irteten zarenean zergatik joan behar duzu binaka? Ez dauka logikarik.

Nola kontrolatzen dute hori?

Galdetu egiten dizute.

Presentzia polizial handia dago?

Bai, beno. Niri ez zait tokatu kalean haiekin gurutzatzerik eta zertara noan galdetzerik, baina nire bi laguni isuna jarri zieten. Bi neskari, eguzkia hartzen ari zirelako hondartzan; hori ezin da egin. Bazekiten ezin zela egin, baina joan egin ziren. Eta bakoitzari 1300 dolarreko isuna jarri zioten.

Normal ari zara lanean, edo etxetik?

Lantokira joaten naiz egunero. Hemen, normal joaten da lantokira jendea. Fabrikak-eta ez dituzte itxi.

Bizimodu nahiko normala egiten duzu, beraz.

Bai, halaxe da. Jatetxeetara edo tabernetara ezin dudala joan kenduta, beste dena, nahikoa normal. Hori bai, futboleko talde batean jokatzen nuen, eta liga bertan behera utzi zuten. Esan dute maiatzaren 31n berriro martxan jarriko direla ligak.

Beste norbaiten etxera joan zaitezkete?

Bai, gehienez bi pertsona eta gertuko lagun baten etxera. Bi gonbidatu eduki ditzakezu etxean.

Jendeak ez ditu sekulako festak antolatu?

Bai, gertatu da hori. Baina hemen ohitura handia dago ingurukoak gaizki egiten ari direna salatzeko. Jendeak ikusten baldin badu norbaiten etxean normala baino jende gehiago dago,ela, poliziari deitzen dio. Poliziak harrapatzen bazaitu, sekulako isuna jasoko duzu. Hemen salatzeak funtzionatu egiten du. Errespetatu egin behar dira arauak, eta kito. Jendeak errespetatu egiten ditu, eta zuk zergatik ez dituzu errespetatuko?

Ez zenuen pentsatu koronabirusaren kontu hau hasi zenean Azpeitira itzultzea?

Nik argi nuen hemen gelditzea nahi nuela. Azpeitira itzuli, eta zer? Australian nahiko ondo zeuden gauzak, hor baino hobeto, eta hemen gelditzea erabaki nuen. Eta ondo atera zait jokaldia.

Sorterria ez al duzu faltan sumatzen?

Batzuetan bai, beste batzuetan ez. Lagunak, familia... faltan sumatzen ditut. Lagunekin irtetea, poteoa, pintxoak... Baina hemengo eguraldia, hondartza... Hemen, ia urte osoa pasatzen dugu galtza motzetan.