Koronabirusa Azpeitian

Bingen Vila: "Lehen 150 bat pakete banatzen genituen egunean, eta orain 250 bat"

Uztarria.eus 2020ko api. 26a, 14:16
Bingen Vila eta haren lankide bat MRWren Azpeitiko bulegoan.

Azpeitiko MRW bidalketa enpresaren bulegoaren jabea da Bingen Vila (Zestoa, 1971). Koronabirusaren krisia hasi zenetik, lana asko aldatu zaiela azaldu du; izan ere, ohiko bidalketa lanak gutxitu egin zaizkie, eta etxez etxeko banaketan dabiltza buru-belarri. Konfinamenduan herritarrek online erosketa gehiago egin dituztela azaldu du.

Alarma egoera ezarri zutenetik nola aldatu da zuen egunerokoa?

Asko aldatu da. Babes neurrie dagokienez hainbat aldaketa egin dugu, eta lan egiteko modua ere beste bat da orain. Ohiko bezeroen bidalketak asko jaitsi dira; izan ere, krisi honek eragina izan du ekonomian. Etxebizitzetara banatu beharreko pakete kopurua igo egin da. Izan ere, jendea etxean dago eta Internetetik ari da eskaerak egiten. Kaltegarria da hori guretzat, pakete bakoitza etxera eramateagatik huskeria bat jasotzen dugulako. Hori horrela izanik, joan zaitez ba baserri batera paketea eramatera... Izugarrizko jipoia izan da orain artekoa guretzat.

Noiz hasi zineten aldaketa nabaritzen?

Martxoaren erdi aldean, Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenean. Gero, gainera, bi astez itxita izan ziren lantegi asko, eta hori ere nabarmen antzeman genuen. Punta-puntako bi bezero ditugu: dendek egindako eskaerak bidaltzen dituen enpresa bat eta Sammic. Bi bezero horiek dira guretzat garrantzitsuenak, baina horiek lehen 80 bidalketa egiten bazituzten, orain bost gauzatzen dituzte. Kaltea zentzu horretan izan da handia. Enpresa txikiak ere ari dira bidalketak egiten, baina oso gutxi.

Etxeetarako banaketak, berriz, gora...

Bai, eta asko. Lehen 150 bat pakete banatzen genituen egunean, eta orain 250 bat. Izugarria izan da igoera.

Nola ari zarete moldatzen?

Lehen lau banatzaile genituen, baina alarma egoera ezarri zutenean bat kaleratu egin behar izan genuen. Dena den, berriro hartu dugu, etxez etxeko banaketa kopurua igo egin delako. Egoera aztertzen eta erabakiak hartzen ari gara.

Egoerak zer bilakaera izatea espero duzu?

Modu berean jarrituko dugula uste dut. Ostalaritza negozioak eta saltokiak ireki arte, egoera berean segituko dugu: gutxi bidaltzen eta asko banatzen.

Zer alde dago bidaltzearen eta banatzearen artean?

Banaketak oso gutxi ordaintzen dituzte; frankiziek da eta gure gainetik daudenek jasotzen dute dirua. Hainbeste banatzea kaltegarria da guretzat; izan ere, pertsona bat zortzi orduz banaketan arituta, 30 bat euro irabazten ditugu. Galera eragiten digu bidalketarik ez egiteak.

Espero al zenuten egoera honetara iristerik?

Hasieran, pasatuko zela pentsatzen genuen, baina baina mundu guztian zabaldu da koronabirusaren krisia, eta ez dut uste berehala konponduko denik. Enpresa guztie eman die kolpea osasun krisiak.

Banaketa kopuruaren igoera dela eta, eromena al da zuen egunerokoa?

Bai. Aste Santuko jaiegunak ere tartean izan dira. Egun denak ez dira jaiegunak izan Espainia guztian; beraz, horrek atzerapenak sortu ditu. Gu atzerapenarekin gabiltza, eta eguneratzerako pasatu beharko du beste hilabete edo.

Zer banatzen duzue gehien?

Lehen, batez ere, Amazonekoak izaten ziren paketeak baina orain, denetarik banatzen dugu: Amazon, La Redoute, Zara, Pull&Bear... Arropa izaten da gehien bat. Eta etxerako gauzak ere bai; kirola egiteko makinak-eta asko, adibidez.

Oinarrizko produktuak ez direnak ere eskatzen ditu jendeak, beraz.

Guk denetarik banatzen dugu. Espainian ez dute moztu hori, eta...

Zer protokolo ezarri duzue banaketarako?

Maskarak eta eskularruak erabiltzen dituzte banatzaileek, eta distantziak zaintzen dituzte. Bestalde, distantziak zaintzeko marra bat margotu dugu bulegoan, eta maskarak janzten ditugu.