Koronabirusa Azpeitian

Bederatzigarren koronabirus kasua baieztatu dute herrian

Uztarria.eus 2020ko api. 17a, 16:12

Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri dituen datuen arabera, positibo berri bat atzeman dute herrian; horrenbestez, bederatzi dira koronabirusak kutsatutako herritarrak. Beste hiru kasu ere baieztatu dituzte eskualdean: bi Zarautzen eta bat Zumaian. Horiekin, guztira, 205 dira Urola Kostan orain arte zenbatu dituzten kasuak. Azken orduetan bi hildako ere izan dira eskualdean.

Koronabirusak hedatzen jarraitzen du Urola Kostan, baina haren abidura moteldu egin azken egunotan. Herenegun postitibo berri bakarra zenbatu zuten eta atzo lau izan ziren; horietatik bi Zarautzen eta bana Azpeitian eta Zumaian. Eskualdeko beste herrietako positiboen kopuruek berdin jarraitzen dutela jakinarazi berri du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Guztira, 205 positibo zenbatu dituzte bailaran.

Honako hauek dira, herriz herri, kontaketak hasi zituztenetik positibo eman duten pertsonen kopuruak: 110 Zarautzen, 46 Zumaian, hamasei Orion, hamabi Azkoitian, bederatzi Azpeitian, lau Zestoan, hiru Aian eta Getarian, eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen, oraingoz, ez dute kasurik atzeman.

Dena dela, koronabirusaren krisia hasi zenetik positibo eman dutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira eskualdean. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik.

Datuak lurraldeka

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 12.089 koronabirus kasu zenbatu ditu Osakidetzak, atzo baino 299 kasu gehiago. Atzo 3.212 proba egin zituzten, eta horietatik % 10ek eman zuten positibo; eta horrek esan nahi du hamar probatik bederatzik emaitza negatiboa eman zutela. Guztira, 48.230 test egin dituzte pandemia hasi zenetik gaur arte. Nafarroan, 4.433 dira gaur arte COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak, atzo baino 85 gehiago.

Hego Euskal Herrian, guztira, 1.257 dira koronabirusaz hildakoak, atzo baino 38 gehiago. Izan ere, azken orduetan 36 lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bi Nafarroan. Sendatu diren pazienteak, berriz, 892 dira Nafarroan, eta 6.144 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Adinekoen egoitzetako datuak

Eskualdeko zaharren egoitzak ere kolpatu ditu pandemiak. Zehazki, Zarauzko Santa Anan eta Zumaiako Otezurin eragin du COVID-19 gaitzak, eta azken orduetan egoiliar bana hil da egoitza horietako bakoitzean. Santa Anan, 21 positibo atzeman dituzte guztira, hamalau lagun hil dira, eta lau pertsona sendatu dira. Otezurin, berriz, 28 positibo zenbatu dituzte, zortzi adineko hil dira, eta lau pertsonak jaso dute alta.