Zabalik dago Antzerki Sormen Egonaldietan izena emateko epea

Uztarria.eus 2020ko api. 9a, 12:26

Kulturaz kooperatibak seigarren urtez jarraian antolatu ditu Antzerki Sormen Egonaldiak, eta dagoeneko irekita dago izen-emateko epea. Maiatzaren 8a izango dute konpainiek eskaera orria betetzeko azken eguna, eta maiatzaren 22an egingo du Kulturazek egonaldietan parte hartuko duten konpainien aukeraketa.

Aurtengo egoera ezohikoa izanik ere, Kulturaz kooperatibak Antzerki Sormen Egonaldiak antolatu ditu beste urte batez. Kulturazeko kideen arabera, "une zailetan ere" antzerki sorkuntza "bultzatu" eta proiektu eszeniko berrien "bidelagun" izan nahi dute, eta horregatik jarri dituzte martxan seigarren urtez jarraian egonaldiak. Ekimenaren helburuak honakoak dira: euskal eta euskarazko proiektu eszeniko berrien sormen prozesua bultzatzea, sortzaileen eta egituren arteko hartu-emana sustatzea, elkarlanerako sareak osatu eta erreferentzia guneak indartzea eta sormen prozesuak balioan jarri eta herriko kultur dinamikan agertaraztea.

Egonaldietan parte hartu nahi duten konpainiei honako baldintzak eskainiko dizkie Kulturaz kooperatibak: egonaldian zehar beren lana sortzeko Soreasu antzokia edo Dinamoa Sormen Guneko gorputzaren eremua, beharrezko baliabide teknikoak eta teknikariaren zerbitzua, lantaldearentzako ostatua, jan-edana eta promoziorako materiala (argazki saioa edo bideo teaser bat). Egonaldien iraupena bi astekoa izango da gutxi gorabehera, eta sormen egonaldia jarraian egitea lehenetsiko du Kulturazek. 

Ekimenean izena eman nahi duten konpainiek, berriz, hainbat baldintza bete beharko dituzte horretarako: besteak beste, egonaldietan zehar sortutako ikuskizuna dohainik eskaintzea (ahal bada estreinaldia); mediazioa, hau da, adostutako herriko kolektibo batekin mediazio elkartruke bat gauzatzea (tailerra, entsegu irekia...); eta komunikazioa, sormen egonaldian zehar eta hura amaitutakoan prentsarako eta promoziorako prestutasuna izatea. Konpainiek eta Kulturazek hitzarmen bat sinatuko dute adostutako baldintzak jasotzeko.

Baldintza horiek betetzen dituzten antzerki konpainiek maiatzaren 8a izango dute egonaldietan izena emateko azken eguna, eta honako eskaera orria bete beharko dute egun hori baino lehen. Egonaldietarako konpainien aukeraketa, berriz, maiatzaren 22an egingo du Kulturazek. Ekimenaren inguruko informazio gehiago behar duenak 674 165 682 telefonora deitu edo abengoetxea@kulturaz.eus helbidera idatz dezake.