Kontrabandisten Udaleku Ibiltaria eskainiko dute abuztuan

Uztarria.eus 2020ko api. 6a, 17:00

Oiartzundik Beintza-Labaienera joanen dira 14-17 urteko gazteak zazpi egunez, bertako aterpetxeetan, Arantzako Aterpen eta Mendaurko urtegian gauak eginez.

XX. mendean kontrabandistek zeharkatutako bidexkatan oinarrituta, udaleku ibiltaria antolatu dute abuztuan Oiartzungo Arritxulok, Arantzako Aterpek eta Beintza-ORBELA aterpetxeek. Egitasmoak laugarren urtea beteko du eta Euskal Herri osoko gazteek parte hartzen dute.

Aiako Harria, Artikutza, Mendaur eta Leurtzako paraje ederraz gozatzeaz gain, erreka bainuan, zuhaitz parkean eta espeleologian ere trebatuko dira gazteak.

Ibilaldiak egunez eginen badituzte ere, "gau lan" nolakoa zen ezagutzeko, afal ondoko solasaldi bat izanen dute kontrabandoan aritutako protagonistekin.

Abuztuan bi txanda antolatu dituzte, gehienez 20 lagunekoak: abuztuaren 2tik 8ra eta abuztuaren 16tik 22ra. Prezioa: 285 euro.

INFO+: www.euskarazblaiudalekuak.com