Koronabirusa Azpeitian

Beilatoki zerbitzua emango duten arren, ez beilatzea aholkatu dute

Uztarria.eus 2020ko mar. 18a, 15:03

Konfinamendua ezarri zutenetik, herritar bakarra hil da, baina hiletarik ez da egin, familiak hala erabakita. Hileta elizkizunak atzeratzeko joera zabaldu dela nabarmendu du Kepa Susperregi parrokoak.

Iragan igandeaz geroztik, herritarrek ez daukate etxetik irteterik, behar-beharrezko eginbeharretarako ez bada behintzat. Baina zer egin familiakoren bat edo gertukoren bat hiltzen den kasuetan? Gorpua beilatokira eramaterik ba ote dago? Eta ari ote dira hileta elizkizunak egiten?

Carmona ehorzketa zerbitzuaren arduradunen arabera, gomendagarriena da gorpua ez beilatzea. Dena dela, zerbitzua ematen jarraituko dute, hildakoa beilatzeko hautua egiten dutenentzat. Hori bai, zerbitzua erabiltzen dutenek koronabirusa zabaltzea saihesteko hartutako neurriak bete beharko dituztela nabarmendu dute.

Beilatokiko gela bakoitzean ezingo dira aldi berean sei lagun baino gehiago egon, euren arteko tartea gutxienez metro batekoa izango dela bermatzeko. Gainera, beilatokira doazenak dagokien gelan bakarrik egon ahal izan dira, alegia, beilatokiko gainerako guneetan egotea saihestu beharko dutela, besteak beste, harreran, korriodorean, komunetan, eta abar. Ahal dela, beilatokiaren kanpoaldeko eremu irekian egoteko gomendioa eman dute Carmona ehorzketa zerbitzuaren arduradunek.

Horrez gain, birusa hedatzea ahalbidetu dezaketen agurrak saihesteko aholkatu dute, esaterako, eskua ematea, musuak, besarkadak, eta abar. "Horien ordez, bestearen sorbalda uki daiteke dolumina adierazteko".

Konfinamendua indarrean denetik, herrian hildako bakarra izan dela adierazi du Kepa Susperregi herriko parrokoak, lehengo igandean, hain justu, “baina hiletarik ez zen egin, familiak erabaki zuelako hau guztia pasatakoan egitea”. Besteren bat hilko balitz, familiarekin hitz egingo lukete zer egin adosteko. "Egunotan egunkarietan ateratzen ari diren eskeletan, ikusten ari naiz hileta atzeratzeko jokabidea zabaldu dela. Badakit kasuren batean edo egin dutela familiarteko ekitalditxoren bat, baina bestelakorik ez".