Koronabirusa Azpeitian

Gure etorkizunaz

Uztarria.eus 2020ko mar. 17a, 20:05
Gaur goizeko azokako irudi bat.

Aiora Etxeberriak eta Ioritz Igarataundik (Sakona etxaldea), Eneka Lazkanok eta Xabier Odriozolak (Solaka baserria), Marian Etxeberriak eta Jose Manuel Esnalek (Ondarre baserria), Elisabet Unanuek (Aintzumarri behekoa baserria), Isabel Izagirrek (Erribera baserria), Arantxa Ulaciak (Zumeta baserria), Itxaso Aramendik eta Aitor Egigurenek (Agiñondo baserria), Luis Mari Arregik eta Cristina Murillok (Etxearreta baserria), Arantxa Arrizabalagak (Berrozueta baserria), Errezilgo Azokak eta Azpeitiko azokako beste hainbat baserritarrek honako gutun hau idatzi dute gaur, asteartea, egin duten azokaren harira.

Astearteetako ohiko azokarik izan ez den arren, hainbat ekoizle bildu gara gaur Azoka Plazan, eta baserritarren azoka burutu dugu gure produktuak eskainiz. Bizi dugun ezohiko egoera dela eta, koronabirusaren hedapenaren kontrako neurriak indarrean jarri ditugu Azoka Plazako sarbidea mugatuz, bezeroen arteko distantziak errespetatuz, kontsumitzaileak zein ekoizleok eskuak garbituz edota eskularruak jantziz, gure postuen arteko distantziak egokituz... Ekoizleek eta kontsumitzaileek zorrotz jarraitu ditugu bete beharreko neurriak, eta inolako arazorik gabe igaro dugu goiza.

Azken egunetan, hainbat herritako azokak bertan behera utzi dituztela jakin dugunean, harriduraz eta tristuraz jaso dugu mezua. Gure diru sarreren zati handi bat edota kasu batzuetan sarrera guztiak, azoketako salmentetatik datoz, eta horiek gabe ezin izango genituzke gure ekoizpenak merkaturatu, ezta herritarrei bertako produktu osasuntsuak zuzenean eskuratzeko aukerarik eman ere. Bestela ere, baserritarron egoera ez da erraza, eta horrelako egoeren aurrean hartutako hainbat erabakik guztiz baldintzatu dezakete gure etorkizuna.

Ez dira aste errazak izango, baina aurrerantzean ere, instituzioek erabakiak norabide berean hartzea espero dugu. Lerro hauen bidez, eskerrak eman nahi dizkiegu astero bezala gaur azokara bertaratu diren kontsumitzaileei, eta azoka egitea posible izan dadin beharrezko neurriak hartzen lagundu diguten Azpeitiko Udalari eta Urkomeri.