Koronabirusa Azpeitian

Kaosaren aurrean, argi apur bat

Uztarria.eus 2020ko mar. 17a, 14:22

Zenbait osasun langilerekin hitz egin du Urola Kostako Hitzak, eta egungo egoerak jendeari sortzen dizkion ezinegonak argitzen saiatu dira. Horiek azpimarratu dute iturri fidagarriak soilik kontsultatzeko.

Berrogeialdian egoteak eta eguna lau hormaren artean igarotzeak ekarri du informazioaren hedapenaren abiadura biderkatzea. Hedabideak etengabe ari dira albisteak eguneratzen, eta sare sozialak eta sakelako telefono gehienak bero-bero dabiltza egunotan. Informazio uholde horren barruan  badira egia erdiak eta gehiegi kontrastatu gabeko datuak, eta kontuz ibiltzea komeni da halakoekin. Esaterako, asteburuan asko zabaldu da ez dela komeni ibuprofenorik hartzea, kaltetu egiten duela COVID-19 gaixotasuna.

Urola Kostako Hitza Osasun Saileko hainbat langilerekin izan da, eta jakin ahal izan du frogatu gabeko zerbait dela hori. Koronabirusa ezezaguna dela osasun langileentzat, eta oraingoz dauden datuak ez direla nahikoa erlazio hori adierazteko azaldu dute langile horiek. Horrenbestez, lasai har daiteke ibuprofenoa, hartzea komeni den betiko neurriekin. Hori bai, zehaztu dute giltzurrunetako gaitzak dituek jendeak hobe duela ez hartzea, kalte egin diezaioketelako. 

Desinformazioaren edo gaininformazioaren harira, herritarrek informazioa edukitzea "ona" eta "beharrezkoa" dela uste dute langileek, baina kontziente dira egunotan beste ezertaz ez duela hitz egiten jendeak, ezta komunikabideek eta sare sozialek ere, eta ibuprofenoarenaren moduko zurrumurruak sortzeko arriskua gehitzen du horrek. Horren aurrean, "informazio fidagarria, osasun erakundeek emandakoa", jarraitu behar dela uste dute. 

Osasun langile horiek oraingoz ez dute hedapena saihesteko hartutako neurri zorrotzen ondoriorik nabaritu beren lantokietan, izan ere, hurrengo egunetan gaixotasunaren inkubazio fasean dauden herritar gehiago azaltzen joango dira ospitaleetan. Inkubazio tartea  hiru eta zazpi egunen artekoa izanik, eragina astebete barru nabarituko dutela aurreikusten dute, eta luzatu egingo dela hurrengo asteetara.

Jarraitu artikulua irakurtzen, Urola Kostako Hitzaren webgunean.