Koronabirusa Azpeitian

Baserritarren azoka martxan da, koronabirusaren aurkako neurriekin

Uztarria.eus 2020ko mar. 17a, 11:30

Astearteetako ohiko azokarik ez dago gaur Azpeitian, baina bai Azoka Plazan elkartzen diren baserritarren azoka. Goizeko 09:00 aldera argazkiotan ikus daitekeen itxura zuten Azoka Plazak eta aldiriek. Herritarrak joan dira erosketak egitera, baina ohi ez bezalako neurriak jarraitu behar izan dituzte baserritarren saltokietara hurbildu aurretik. Koronabirusaren hedapenaren kontrako neurriak indarrean jarri dituzte, izan ere, baserritarrek. Horrela, gaur gehienez sei erosle egon daitezke aldi berean Azoka Plaza barruan: horiek, zein sartzeko zain kanpoan ilaran egon behar dutenek, metro-metro eta erdiko tartea gorde behar dute elkarren artean. Gainera, plazara sartu aurretik guztiei eskuak garbitzen dizkiete. Azoka Plaza barruan ere neurri horiek ezarri dituzte, eta baserritarrek salmahaiak ohi baino tarte handiagoarekin kokatuta dauzkate.