Herriguneko edukiontzi eta landa eremuko ekarpen gune guztiak zabalik izango dira aurrerantzean

Uztarria.eus 2020ko mar. 16a, 16:32

Hondakinen txipdun edukiontziak.

Urola Erdiko Mankomunitateak azaldu duenez, datozen egunetan ez da txartelik beharko hondakinak edukiontzietara botatzeko. Herriguneko edukiontziak eta landa eremuko ekarpen guneak zabalik izango dira, mankomunitateko langileek sor daitezkeen arazoei irtenbidea emateko izan ditzaketen zailtasunak tarteko.

Urola Erdiko Mankomunitateak adierazi duenez, koronabirusaren pandemia dela eta, ezin ditu edukiontziekin nahiz horiek irekitzeko behar diren txartelekin sor daitezkeen arazoak konpondu egunotan. Horrenbestez, aurrerantzean arazo horiek sahiesteko, zabalik izango dira herriguneko edukiontzi eta landa eremuko ekarpen gune guztiak. Hori dela eta, bestelakorik jakinarazi ezean, datozen egunetan ez da txartelik beharko hondakinak edukiontzietara botatzeko.