Koronabirusa Azpeitian

Garraio publikoa %40 eta %60 artean murriztuko dute bihartik aurrera

Uztarria.eus 2020ko mar. 15a, 20:28

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eskariaren arabera murriztuko dituzte zerbitzuak. Dena den, herritarrei lantokietara eta oinarrizko zerbitzuetara joatea bermatuko zaie. Goizean Lurraldebusek bestelako informazio eman badu ere, ohi baino ordutegi murritzagoa izango dute autobusek aurrerantzean. 

Euskadiko Garraio Agintaritzak erabaki du garraio publikoa %40 eta %60 artean murriztea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eskariaren arabera. Dena den, herritarrei lantokietara eta oinarrizko zerbitzuetara joatea bermatuko zaiela ziurtatu du agintaritzak. Astelehenean jarriko dituzte neurriak indarrean. Autobusen, trenen eta tranbien gaueko zerbitzuak bertan behera utziko dituzte, bestalde. Lurraldebusek jakinarazi du ez duela gaueko zerbitzurik emango, eta egunez ohi baino ordutegi murritzagoa izango da. Lotura honetan ikus daiteke bihartik aurrera autobusek izango duten ordutegia. 

Gainera, autobusak hartu behar duten herritarrek neurri berezi batzuk bete beharko dituzte: atzeko atetik sartu beharko da autobusera, atzeko ateetako makinak bakarrik erabiliko dira sarreran eta irteeran eta ezingo da esku diruarekin ordaindu –soilik Mugi txartelarekin–.