Osasun larrialdi egoera deklaratu du Eusko Jaurlaritzak

Uztarria.eus | Gizartea
2020ko mar. 13a, 11:43

Behin egoera hori ezarrita, Eusko Jaurlaritzak eskumen bereziak izango ditu. Besteak beste, herritarrak kofinatzeko, arrisku tokietara sartzea galarazteko eta zerbitzu pribatuak baldintzatzeko aukera izango du.

Iñigo Urkullu gaurko agerraldian. (EITB)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak agerraldia egin du oraintsu, koronabirusaren pandemia dela eta erakundeak hartu dituen neurriak azaltzeko. Hain zuzen ere, osasun larrialdi egoera deklaratu du Eusko Jaurlaritzak, eta egoera hori izanik, hainbat eskumen berezi izango ditu. Batez ere, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen zortzigarren artikulua izan du hizpide lehendakariak, eta horren arabera, hainbat neurri hartu ahal izango dituzte egoerak bere horretan segitzen duen bitartean.

Besteak beste, herritarrak kofinatu ahal izango ditu beren etxeetan edo leku seguruetan, legearen testuaren arabera. Gainera, herritarrak leku arriskutsuetatik atera edo urrundu ahal izango dituzte. Horrez gain, zerbitzu publikoen eta pribatuen erabilera mugatu edo baldintzatu ahal izango dute, baita ondasunen kontsumoa ere. Eta leku batzuetan ekitaldiak egitea galarazi edo mugatu ahalko dute, baita arreta, prebentzio edo jokabide jakin batzuk hartzeko betebeharra ezartzea ere.

Jaurlaritzak epe muga jakin batean hartu ahal izango ditu neurri horiek; hain zuzen, osasun larrialdi egoerak irauten duen bitartean hartu ahalko ditu neurriak lehendakariak. Krisi kabinete batek lagunduko dio horretan Urkulluri; Gobernu Kontseiluko kide gutxi batzuk osatuko dute kabinetea. Hartutako neurriek arriskuarekiko proportzionalak izan beharko dute, eta ez dute inolako kalte ordainik jasotzeko eskubiderik emango.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu