Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia irailaren 19ra atzeratu dute

Uztarria.eus | Kirolak
2020ko mar. 12a, 17:14

"Nazioarteko maratoi erdi bat egiteko baldintzak" betetzen ez direla eta, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek proba irailaren 19ra atzeratzea erabaki dute. Espainiako Atletismo Federazioak eman die dagoeneko horretarako baimena. Lasterketan izena emandakoek hainbat aukera izango dute.

Covid-19a sortzen ari den ondorioak kontuan izanda eta erakundeek emandako aholku eta aginduak jarraituz, Diego Garciaren oroimenezko XXVII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia irailaren 19ra atzeratzea erabaki dute zuzendaritzako kideek; dagoeneko eman die horretarako baimena Espainiako Atletismo Federazioak. Antolatzaileek aurreko egunetan adierazi duten moduan, "nazioarteko maratoi erdi bat egiteko baldintzak" ez dira betetzen une honetan. "Erantzukizunez jokatu beharra dugu, eta ezin dugu korrikalarien, boluntarioen eta lasterketan lanean ari diren pertsonen osasuna arriskuan ipini", azaldu du zuzendaritzak.

Hartu berri duten neurri hori dela eta, "sentitzen" dutela adierazi dute antolatzaileek, "izena emanda dauden korrikalariei eta data horren inguruan egingo diren lasterketei erabakiak sor diezazkiekeen eragozpenak tarteko". Proba "halabeharrez" atzeratu behar izan dutela azaldu du zuzendaritzak, eta herritarrek neurri hori "ulertuko" dutela espero dutela.

Beraz, federazioak hala baieztatzen badu, irailaren 19an jokatuko da proba; 16:45ean hasiko da lasterketa motza, eta 17:00etan luzea. Izena emanda daudenek aukera ezberdinak izango dituzte: izen ematea bere horretan mantentzea; izen ematea datorren ediziorako uztea –2021ean, martxoaren 20an izango da lasterketa–; jabetza aldaketa egitea; eta aurtengo kamiseta eta motxila hitzartutako denda batean jasotzea –maiatzaren 4tik aurrera–. Izen emateak zabalik jarraituko du, gaur egungo prezioetan, www.rockthesport.com webgunean. Datozen hilabeteetan emango dute informazio gehiago.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzunak

Juanlu | 2020-03-12 : 17:54

Albiste hau aprobetxauta, lixtrekayentzat ohar bat:
Igerileku aurrien bi espaloi daude, atzien beste hiru ta halare lixtrekayek kamiñuen ibiltzeie korrika. Kamiñue ibilgalluentzat da ta ez korrika iteko, ta ze gutxiyo inguruen bost espaloi eukita. Ze geyo ber dezue?

Tx | 2020-03-12 : 20:21

Arrazoie bai, neure ibiltzenaiz korrika ta bidetik jute naiz. Oitura kontue da dana.
Aldauko det ba oitura hori.
Bat lortu dezu.

Erdoizta | 2020-03-13 : 16:05

Espaloietan zeatik jutea jendia manifestaziyoko pankartia zabal zabal einda? Ze inberdebe antxintxikalaixek, salto de pertiga?

Juanlu | 2020-03-13 : 22:28

Hiri pare bat egosialdi falta zaxkik/n!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu