Koronabirusa Azpeitian

Bihartik aurrera itxita egongo dira ikastetxe eta haurreskola guztiak

Uztarria.eus 2020ko mar. 12a, 13:42
Herriko ikastetxe guztiak itxiko dituzte.

Arabako ikastetxeak ez ezik, Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak ere ixtea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Beraz, Azpeitiko ikastetxeei nahiz haurreskolei ere eragingo die neurriak. Bihartik aurrera izango dira itxita, eta hamabost egunean indarrean izango da gune horiek ez zabaltzeko neurria. Aurrez aurreko eskolei eta ikasleei eragingo die erabakiak.

Koronabirusari aurre egiteko neurriak hartzen jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak, eta Arabakoak ez ezik, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe guztiak ere ixtea erabaki du gaur, osteguna. Oraingoz ez dute baieztatu koronabirus kasurik Azpeitian, baina urrun zirudiena gerturatu egin da, bai behintzat neurriei dagokienez: ikastetxe, haurreskola eta unibertsitate guztiak itxiko dituzte. Bihartik izango da indarrean neurria, eta hamabost eguneko iraupena izango du; hau da, martxoaren 30era arte.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du erabakia 13:00etan hasita eskaini duen prentsaurrekoan, eta hark esan duenez, "umeek birusa zabaltzeko erraztasuna" dutelako itxiko dituzte ikastetxeak eta haurreskolak, "birusa gehiago zabaltzea sahiesteko". Dena den, neurriak aurrez aurreko eskolei eta ikasleei eragingo die; izan ere, ikastetxeetako, haurreskoletako nahiz unibertsitateetako langileek beren lantegietara joan beharko dute, eta horiek materiala prestatu beharko dute ikasleek etxetik ikasten jarrai dezaten.

Herriko ikastetxe guztiak ez ezik, Juan Antxieta musika eskola ere itxita izango da bihartik aurrera, hori ere hamabost egunez, "printzipioz".