Eneko Beristain: "Egiten dudan musika Azpeitian eta inguruetan zabaltzea gustatuko litzaidake"

Uztarria.eus 2020ko mar. 6a, 10:48
Eneko Beristain, DJ Kurama Selektah.

Beristainek, DJ Kurama Selektah-k, kontzertua eskainiko du bihar, zapatua, Orkatzen, eta mikro irekiaren aukera jarriko du kontzertuan. 01:00etan hasiko da saioa, eta Eneko Beristain DJ azpeitiarraren lehen emanaldia izango da.

Roots, dancehall eta afrobeat musika doinuak izango dira protagonista bihar, zapatua, Orkatz kultur elkartean. Izan ere, DJ Kurama Selektah-k bere lehen kontzertua eskainiko du, 01:00etatik aurrera, eta mikro irekiaren aukera ere jarriko du kontzertuan. Eneko Beristain (Azpeitia, 1999) dago DJ Kurama Selektah-ren atzean, eta "urduri" dago bere lehen kontzerturako.

DJ Kurama Selektah moduan lehen kontzertua emango duzu zapatuan Orkatzen. Zer sentsazio duzu?

Alde batetik, oso gustura nago. Denbora asko neraman kontzertu bat eman nahian, eta lehenengo emanaldia Orkatzen izatea ederra izango da; denbora asko pasatu dut han eta asko agoantatu naute. Apur bat urduri nago, nire ingurukoak etorriko dira entzutera eta. Dena den, oso ondo sentitzen naiz, egia esan. Herrian kontzertua emateak errespetu gehiago ematen du, zure jendeaz inguratuta zaude eta.

Mikrofono irekia ere izango da kontzertuan. Zer dela eta?

Betidanik esan izan dut nire kontzertuetan mikrofono irekia jarriko nukeela. Hemen inguruan ez da asko ikusten, baina beste leku batzuetan jende askok rap-a idazten du, eta mikrofono irekietan abesten dute. Kontzertuaren amaiera aldera jarriko dut mikrofonoa.

Nondik datorkizu musika jartzeko zaletasuna?

12 urte nituenean-edo ezagutu nuen dancehall musika estiloa. Txikitatik gustatu izan zait musika, eta rap abeslari baten kolaborazio batean ezagutu nuen estilo hori. Buruan iltzatuta gelditu zitzaidan erritmo hura, eta hor hasi zen guztia. Ondoren, Jamaikako musika ezagutu nuen, 14 urterekin edo.

Roots, dancehall eta afrobeat estiloak uztartuko dituzu emanaldian.

Hori da. Roots reggae klasikoaren estiloko musika da, lasai-lasaia. Afrobeat, aldiz, dantza egiteko musika afrikarrik onena da, nire ustez. Sekulako adikzioa dut musikarekiko, eta hemengo erritmoetatik deskonektatzea behar nuen jada. Begira jardun nuen eta afrobeat estiloa deskubritu nuen.

Ba al duzu DJ erreferenterik?

Nire erreferente nagusia Bad Sound Systemeko Stepi Selektah da. Gainontzeko guztia neure kasa ikasi dut. Lagunek lokalean esaten zidaten zer hobetu nezakeen eta zer ez, eta abar. Soinu mahaia, anplifikadorea eta bozgorailuak ditut, eta interfazea eta mikrofono bat erosiko ditut laster.

Aurrera begira kontzertu gehiago emateko asmorik ba al duzu?

Hemendik aurrera kontzertu gehiago eman nahiko nituzke, bai. Mugimendu hau zabaltzea ere nahiko nuke, Azpeitira etorri izan dira Bad Sound System edo Glaukoma bezalako taldeak, adibidez, baina herrian ez dugu halako musika lantzen duen inor. Egiten dudan musika Azpeitian eta inguruetan zabaltzea gustatuko litzaidake.